dotb Durangaldeko Telebista

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da eta izen-emateak zabaldu ditu

Aurten, berriro ere, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du

Abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurtengo edizioa

DURANGO | 57. Duragoko Azokako izen-emateak gaur, irailaren 1ean zabalduko dira. Hiru izen-emate zabalduko dira: partaideek erakusmahaiak alokatzeko, kultur sortzaileek egitaraurako proposamenak aurkezteko eta ikastetxeek ikasle goizeko tailerretan parte hartzeko. Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 1etik 30era bitartean izango dute horretarako epea. Egitaraurako proposamenak aurkezteko, aldiz, gaurtik urriaren 15ra arteko epea izango dute. Izen emateak www.durangokoazoka.eus webgunetik egin beharko dira.

Edizio berria abenduaren 7tik 11ra bitarte ospatuko da eta, Durango, euskal kulturaren plaza bilakatuko da, kulturzaleen eta sortzaileen topagunea. Bost egunez euskal kultura eta sortzaileak gertutik ezagutu, kultur ekoizpenak eskuratu, euskal giroaz gozatu eta, euskal kultura ardatz dela, harremanak eta esperientziak bizitzeko aukera izango da.

Horrez gain, beste urte batez, online dendak jarraipena izango du, parte-hartzaileeisalmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kurtuzaleei erosketa ahalbidetuz. Hortaz, aurtengoan ere erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dute Durangoko Azokan.

PROPOSAMENAK | Durangoko Azokak 57. Edizioko egitarauan parte hartzeko epea irailaren 1ean zabalduko da. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia. Guztiak www.durangokoazoka.eus webgunean.

Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere.

Ahotsenean parte hartzeko irizpideak honakoak izango dira: 2022. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.
Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak…

Kabi@ gunea digitalaren plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak…

Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak… Szenatokian pieza dantza eta antzerki pieza laburrak aurkeztu ahal izango dira. Zalantzarik izatekotan, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora mezua bidal daiteke.

IKASLE GOIZA | Aurten, berriro ere, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du eta hasiera emango dio Durangoko Azokako egitarauari. Abenduren 7ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza anitza izango dute. Aurtengoan, gainera, ikasleez gain hezitzaileentzako jarduerak ere antolatu dira egun horretan eta hori izango da berrikuntza nagusiena. Diziplina ezberdinez osatutako egitaraua antolatuko da egun horretarako.

Ikasle Goizeko tailerretan izena emateko epea gaur zabalduko da eta urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.