dotb Durangaldeko Telebista

Durangoko ‘Sanfausto’ jaietako txosnagunearen irekiera urriaren 11n izango da

Zortzi txosna, sukalde bat, bi karpa handi eta bi eszenatoki izango dira Landako Gunean

Txosnaguneko egitarauaren aurkezpen ekitaldia.

DURANGO | Durangoko txosna batzorteak San Faustoetarako osatu duen egitarauaren berri eman du gaur arratsaldean. Jai egitarau partehartzaile eta herrikoa izango da eta 2018 eta 2019an bezala, txosnagunea Landako Gunean kokatuko da. Bertan zortzi txosna, sukalde bat, bi karpa handi eta bi eszenatoki izango dira. Txosnagunean jaietako lehenengo eguna urriaren 11 izango da, urtero bezala kalejira eta txupinazoarekin hasiera emanez. Aurten Bilgune Feministak 20. urteurrena ospatzen duenez, hauek izango dira pregoilari.

Eguneko egitarauari erreparatuz, herritar guztioi zuzendutako ekintzak antolatzea izan da batzordearen helburuetako bat. Besteak beste, ohitura diren tortilla eta paella txapelketez gain, haur eta familientzako jolasak eta «eRRe. Aldarri bat bertsoz» ikuskizuna izango dira.

Gaueko egitarauan berriz, musika-genero desberdinetako kontzertuak eta DJak izango dira. Besteak beste Konorte, Parkatu, Penny Fleck eta Laru taldeak eta DJ maratoi herrikoiak ere girotuko du txosnagunea. Bestalde, bestelako egun bereziak, hala nola, Gazte Eguna eta Mozorro eguna, izango dira.

Horrez gain, txosnagunea euskararen arnasgune izatea helburu, euskara nagusi duen egitaraua antolatu dute eta beste behin, emakumeen presentzia bermatuko da. “Esan beharra dago txosnagunea denontzako espazio segurua izateko, protokolo bat martxan jarriko dugula. Honekin lotuta ez da inolako jarrera edo eraso sexista, ez LGTBI+ foborik zein arrazistarik onartuko”, adierazi dute.

Amaitzeko, haur, gazte zein helduei, eta durangar zein kanpotarrei, txosnagunera etorri eta, egitarauaz gozatzeko deia luzatu dute “elkarlanean eta errespetuz jokatuz. Guztiok espazio aske eta seguruaz gozatu dezagun”.

Programazioa

1 comentario en “Durangoko ‘Sanfausto’ jaietako txosnagunearen irekiera urriaren 11n izango da”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.