Bigarren antzerki proiektua bihar taularatuko da 17:00etan

BERRIZ | Mar Mar Teatro antzerki taldearen Arrainak bihotzean antzezlanaren estreinaldia izango da ostiral honetan, hilak 27, 17:00etan, Berrizko Kultur Etxean. Lan handiko hilabeteen eta entseguen ondoren, Durangon finkatutako konpainiaren bigarren antzerki proiektuak lan berria ezagutarazteko orduak kontatzen ditu.
Sinopsiak dioen bezala, “Martina zain dago eta beldur da. Aita noiz etorriko zain dago. Eta beldur da. Kainabera hartu eta portura hurbilduko da aitaren itsasontzia noiz etorriko. Orduan zerbaitek tenk egingo dio bere kainaberari eta ezin izango dio eutsi ez kainabera ezta beldurrari ere. Horrela bada bidaia bat hasiko du itsas hondoan, aita aurkitu asmoz hasten den bidaia bat, horretarako arrainen eta beldurraren hizkuntza ikasi behar badu ere”.
Sortzaileen arabera antzezlanak beldurrak ditu hizpide. “3 urtetik gorakoentzako familiaikuskizuna da eta lan honen bidez, beldurrekin bizitzea gauza normal bat dela irakatsi nahi dugu eta bizitza osoa beldurrekin bizi behar dugula eta horren ikasketa bat edo bizitzeko era bat da. Hilabete askoko lan bat izan da, urduri gaude, baina oso pozik eta lan hau erakusteko eta ikusleen erantzuna ikusteko gogoz gaude”, azaldu dute azken entseguetako batean.
Emanaldiak irauten duen 50 minutuetan, Aritza Rodríguez, Irene Hernando eta Maitane Serrano aktoreak txotxongilo itxurako beste pertsonaia batzuekin batera igoko dira agertokira.