Bi film eskainiko dituzte: «Abriendo camino» eta «Itzalak»
DURANGO | Datorren maiatzaren 3an, Durangoko Ourdaybi elkarteak Mendi Film emanaldia antolatu du Durangoko San Agustin aretoan, 19:00etan. Bertan, bi film eskainiko dituzte.
Lehena, «Abriendo Camino» izenekoa, Espainiako Alpinismoko Emakume Taldearen dokumentala da, eta Jordanian eta Saudi Arabian eskalada bide berriak irekitzen egindako grabaketa biltzen du.
Bigarrena, «Itzalak» izenekoa, Bilbo Mendi Fiml Festibalean aurkeztu zen 2022. urtean, eta Durangon bizi den Alex Areizagak zuzendua da (nik, jejej). Bizitzan daramatzagun motxila ikustezinen inguruan hitz egiten du eta Joseba Iztueta eta Andoni Ormazabal ditu protagonistak.
1992 jaio zen Ourdaybi
Ourdaybi 1992. urtean jaio zen, Durangaldeko sei gazteren eskutik. Naturarekiko errespetua erroan, jarduera fisikoak bultzatzea zuten helburua. Xenda-zaletasuna, eskalada, arroila jaitsiera, piraguismoa, rafting-a, urpekaritza, puenting-a edota espeleologia dira herriarentzako Ourdaibik eskaintzen dituen jardueretako batzuk.
Egun 200 bazkide baino gehiagoko kosturik gabeko kirol klub ireki bat da. Kirol materialaren alokairuarekin, rokodromoarekin eta lokaletik at antolatzen dituzten ekintzekin, hamaika praktiken hastapena sustatzen jarraitzen dute. Natur jarduerak bultzatzen dituzte eta hau guztia hasierako izaera ekologiko, auto gestionatu, zabal eta kooperatiboa mantenduz. «Ourdaybi konpromiso handiak eta etorkizun oparoa dituen Kirol Kluba da, herritik sortua, herriarengatik eta herriarentzat jarduten duena», azaldu dute.