dotb Durangaldeko Telebista

Durangoko Udalak AROA Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 25-28 onartu du

Planaren diseinuan, Aroa marko estrategikoa hartu da gidari. Guztira 140 lan-ekintza definitu dira 7  ardatz nagusitan

AROA Plana, Durangoko Udalaren laugarren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

DURANGO | Udalbatzak asteazken honetan, azaroaren 27an, AROA Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2025-2028 onartu du Osoko Bilkuran. EAJ-PNV, EH-Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidea alderdiek alde bozkatu dute; Alderdi popularra (PP) abstenitu egin da. Plana Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) esparru estrategikoan kokatzen da, zeinak EAEko erakunde publiko guztientzat euskararen normalkuntza eta sustapena bideratzeko oinarriak ezartzen dituen. 

AROA Plana, Durangoko Udalaren laugarren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, 2024ko udaberrian martxan jarritako Euskara Kontseiluan eginiko lanketa eta hausnarketen emaitza zuzena da. Prozesu horretan, herriko hainbat eragile, elkarte eta norbanakok parte hartu dute, Durangoko sare soziala eta hizkuntza-errealitatea ahalik eta modu zehatzenean islatzeko. 

Paule Sanchez Euskara zinegotziak honakoa azpimarratu du: “Euskara udalaren ardatz estrategikoetako bat da, eta gure politika guztien erdigune eta zeharkako oinarri gisa ulertzen dugu. AROA Planak, tokian tokiko behar eta helburuetara egokituta, euskara Durangoko esparru guztietan sustatzeko eta txertatzeko bide berriak zabalduko ditu”.

Planaren oinarriak eta estrategiak

Planaren diseinuan, Aroa marko estrategikoa hartu da gidari. Guztira 140 lan-ekintza definitu dira 7  ardatz nagusitan:

  1. Gobernantza
  2. Jarrerak eta motibazioak
  3. Ezagutza eta gaitasuna
  4. Erabilera eta elkarreragina
  5. Berrikuntza
  6. Ikerketa eta sistematizazioa
  7. Komunikazioa eta hedapena

Durangoko Udalak aurreko Euskara Sustatzeko Planetatik ikasitakoa eta Euskara Kontseiluan identifikatutako erronka eta lehentasunak integratu ditu. Honela, kirola, merkataritza, kultura, hezkuntza, etorkinak eta hedabideak dira planaren lehentasunezko esparruak. Atxikitako plangintza kontsulta daitezke guztiak. 2025 eta 2028 artean garatzea da helburua, horretarako kronograma zehaztuz. 

“Durango bezalako herri batek hizkuntza-aniztasuna eta gizarte kohesioa eskutik joan daitezen lan egin behar du. AROA Planak, adibidez, kirola eta merkataritza bezalako eremuetan euskararen erabilera areagotzea du helburu, hizkuntza eskubideak bermatzearekin batera” nabarmendu du Sanchezek. 

Erronkak eta ekintzak

Plana zehazteko, hainbat erronka identifikatu dira, hala nola:

  • Gazteen hizkuntza hautuan eragina izatea, aisialdian eta kirolean euskararen erabilera sustatuz.
  • Merkataritza-sektorean euskararen presentzia indartzea, bai saltzaileei bai bezeroei zuzendutako ekimenekin.
  • Etorkinak euskarara hurbiltzea, integrazio tresna gisa ulertuz.

Horretarako, jarduera zehatzak garatuko dira, besteak beste, euskara ikasteko ikastaroak, lehen hitza euskaraz egitera animatzeko kanpainak eta euskararen erabilera sustatzeko teknologia eta komunikazio tresnen garapena.

Genero ikuspegia eta parte-hartzea

Planak, gainera, genero ikuspegia eta parte-hartze integrala bermatzen ditu, tokiko errealitate guztiek lekua izan dezaten. Generoaren eta aniztasunaren ardatzetik ekimenak aztertu eta bideratzeko, Berdintasun Saila lankide izango da.

Informazio osoa eskuragarri

Herritarrek AROA Planaren xehetasun guztiak www.durango.eus webgunean kontsulta ditzakete. Paule Sanchez-ek adierazi du “plan honek euskara indartzeko norabide berriak jarriko ditu martxan, eta udalaren konpromisoa sendotuko du hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta Durango euskaldunagoa lortzeko.”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.