EH Bildutik salatu dute Udal Gobernuak “berrantolaketa estrategiko deitu duen hau, finean, murrizketa handi bat dela euskararentzat»

DURANGO | EH Bildutik salatu zuten duela aste batzuk Durangoko Udalean Euskara Teknikariaren postua abendutik ordezkatu gabe dagoela, eta planifikazioa falta nabaria erakusten ari dela udala gai honetan. Bestalde, ohartarazi zuten ere udal gobernuak Euskara Teknikariaren figura ezabatzeko asmoa duela. Gobernuaren erantzuna izan zen euskarari “dimentsio berri bat” eman nahi diotela “berrantolaketa estrategiko baten bidez”.
Gaur, asteazkena, eramango dute neurri hau Osoko Bilkurara. Osoko bilkuraren harira bidalitako dokumentazioan Euskara Teknikariaren lanpostua amortizatuko dela argi ageri da.
EH Bilduk salatu du osoko bilkuraren harira bidalitako informeak, udal gobernuak «gaztelera hutsean» bidali dutenak, horrela diola: “transformación de la plaza de dinamizador de euskera traductor para convertirla en responsable de ciudadanía, se realiza este informe para dar los primeros pasos no para la transformación sino para la creación y amortización de plazas/puestos». Ondoren, lanpostu honek izango dituen ardura orokorrak aipatzen dira: “Planificar, organizar, coordinar, supervisar y gestionar los servicios y actividad del Área de Ciudadanía (Euskera, educación, deporte, infancia, juventud, cultura y fiestas)”. Eta amaitzeko, informean, betebehar konkretuak aipatzen dira. 16 betebehar guztira, eta horietatik soilik bat euskarari lotua, koalizioak jakitera eman duenez.
EH Bildutik salatu dute Udal Gobernuak “berrantolaketa estrategiko” deitu duen hau, finean, murrizketa handi bat dela euskararentzat. «Erabaki horren ondorioz, euskararen ardura zuen figura kendu egingo dute, eta Herritarren Saileko koordinatzailearen hirugarren mailako ardura gisa jarriko dute euskara. Erabaki honek herrigintzako batzordearen behar bati erantzuten dio, horren adibide da erabaki hau ez dela Euskara Sailetik etorri, Herrigintzako sailetik baizik. Gainera, murrizketa hau gainontzeko alderdiekin hitz egin gabe eta euskalgintzako eragileen iritzia kontuan hartu gabe egin nahi dute», azpimarratu dute.
«Oso larria» deritzote neurri honi. «Euren burua Euskararen aldekotzat dutenen eta txapa paparrean jarrita dabiltzanen aldetik arduragabekeria handia da. Euskararen gaiaz arduratuko den teknikaria ezinbestekoa da hizkuntza-politika eraginkorrak garatzeko. Euskara Teknikariaren figura funtsezkoa da Durangorentzat. Durango izango da, inguruko herri handiekin alderatuz, euskara teknikaria izango ez duen herri bakarra», gaineratu du EH Bilduk.




Lotsabakuek. Eta zer egin horren aurrean?
1) jende gazteari azaldu zergatik dden hain garrantzitsua figura hori.
2) protestak antolatu. Umoretik, baina ekin eta ekin.
Ez dago besterik.
Lotsaren arrastorik ere ez!