dotb Durangaldeko Telebista

Erika eta Maialen: Segurtasuna eta sendotasuna Durangoko finalera

Final handia Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra jokatuko dute

Final handia Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra jokatuko dute

ZESTA PUNTA | Leporaino bete da Durangoko Ezkurdi pilotalekua Euskotren Winter Serieseko bigarren finalerdian. Giro paregabea, goiko zein beheko harmailak bete-beteta eta emakume puntistak protagonista. Atzokoak lau izen: Erika Mugartegi, Maialen Aldazabal, Elaia Gogenola eta Naroa Merino. Lehenengo biak iaz finalean izan ziren eta aurten ere han izango dira, atzoko partida 2-0 irabazi ostean. Bikote marroiak segurtasuna eta sendotasuna erakutsi zuten eta joko horri jarraiki bilatuko dute txapela. Bigarrena litzateke markinarrarentzat, lehenengo Berriatuko atzelariarentzat.

Lau pilotarietan Mugartegi da indartsuena. Gogor jotzen du pilota, errebesez zein eskuinez. Partidu bikaina jokatu zuen partidaren agintea hartuz. Hala ere, orekatua joan zen lehenengo seta, seinako berdinketa arte. Tantu horretatik aurrera, 9-1eko partziala egin zuten marroiek. Ikaragarria Maialen Aldazabalen partida ere. Ez zuen ia hutsik egiten, eta gero, aukera duenean, pilota gaiztoa jartzen zien. Hala ere, jendeak asko eskertu zuen bikote horiaren ahalegina. Errematerako joera handia du Elaia Gogenolak, joko bizi eta azkarra transmititzen du eta pertsonalitate handia kantxa barruan. Hala ere, lehengo seta argi irabazi zuten marroiek eta Mugartegik bukatu zuen jokoa txapa-gaineko eder batekin.

Bigarren jokoa lehenegoa baino estuagoa joan zen atzo Durangon. Merino tolosarra atzean seguru aritu zen eta marroeik ez zuten lortzen markagailua haustea. Egoera horretan, tanto ederrak egin zituen Gogenolak, sahietsetik txokoan errematatuta. Txalo asko jaso zituen, baina asmatu ez zuen erremateetan hor egon zen Erika eta bikain aprobetxatu zituen Berriatukoak egindako opari horiek. Errebesez egindako hormabiko eder bat ere ikusi zioten markinarrari eta baita txapa-gainekoak ere. Partida emozioz beteta iritsi zen azken txanpara. 11-11 berdindu ostean 13-11 jarri ziren marroiak aurretik, Erikak sake errestoan egin zuen 13-12koa, bi pilota oso zail sartu zituen hurrengoan Naroa Merinok eta tantu garrantzitsu horretan falta eman zion epaileak Gogenolari, pilota bat ikutu zuela adieraziz. Errepikapenean ezetz ikusi zen baina epaileak halaxe adierazi zuen eta tantua marroientzat izan zen, 14-12 eta partida 15-12 bukatu zen.

Partida amaiera gazi-gozoa izan zen baina merezitako garaipena lortu zuten marroiek, lehen jokoan nagusi izan ziren eta bigarrenean ere beti joan ziren tanto pare bat aurretik, amaierako estu unera arte.

Final handia Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra jokatuko dute. Sarrera batzuk geratzen dira oraindik salgai.

Erkiaga garaile

Gizonezkoen Banakako Seriesean, 12-3 eta 12-5 gailendu zen Aritz Erkiaga, Unai Lekerikaren aurka. Lehenengo jokoan, 10 tantu egin eta bakar bat galdu Ispasterkoak. Bigarrenean, publikoa altxatzea lortu zuen Lekerikak bi tantotan jarraian baina launakoaren ondoren ezin izan zuen Erkiagaren joko erauntsia geldiarazi. Johan Sorozabalen kontra jokatuko du finala, honek Laduche kanporatu baitzuen.

Datorren astelehenean, goraino beteko da beste behin Ezkurdi pilotalekua. Onenek irabaz dezatela!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.