Egitasmoan izena emateko azken eguna urriaren 15a izango da

BERRIZ. Berrizen ‘Euskararen kriseilua’ren bigarren edizioa piztuko da aurten euskararen erabilera etxean, kalean edota eskolan sustatzeko asmoz.
Horregatik, bi gonbidapen egin zaizkie proiektuan parte hartzen duten Berrizko familiei. Alde batetik euskararen sua bizirik mantentzea, astebetez Kriseilua zaindu eta hizkuntza ahalik eta gehien erabiliz. Bestetik, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzea.
Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako. Kalean, eskolan eta etxean, hurbiletik egiten da transmisio hori: hizkuntza jaso, bizirik mantendu eta hurrengoei pasatzeko ardura partekatu behar da guztien artean.
Hizkuntza den su txiki hori piztuta mantendu eta guztion artean zaintzeko beharra irudikatzen du Euskararen Kriseiluak. Berrizko HH5 eta LH1 arteko haurren etxeetan barrena ibiliko da Kriseilua, txandaka.
Parte hartu ahal izateko, berriz.kriseilua.eus webguneko izen-emate fitxa bete behar da, urriaren 15a baino lehen.
Begirale eta entrenatzaileen artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina
Bestalde, Berrizko Udaleko Euskara sailak ere bigarren kanpaina bat jarri du martxan, ikasturtea hastearekin eta Durangaldeko Mankomunitateko aisialdiko begiraleentzako ikastaroarekin batera. Berrizko eskolaz kanpoko jardueretako begirale eta entrenatzaileei diptiko bat banatu zaie ‘Zer egin dezakegu aisialdian eta kirolean, haur eta gazteek euskaraz hitz egin dezaten?’ izenburupean.
Bertan aholkuak eman eta baliabide batzuk eskaintzen zaizkie. Euskararen erabilera sustatu, egonkortu eta indartzeko, entrenamendu eta aisialdi jardueraren eremu osoa zaindu behar dugulako.