dotb Durangaldeko Telebista

“Exodoa: Hondakinak aterpe” argazki erakusketa eta dokumentala ikusgai Elorrion

Euskal Fondoaren lanak kurdu-siriarrek bizi duten egoera erakustea du helburu

Erakusketa zabalik egongo da otsailaren 25era arte

ELORRIO | Datorren otsailaren 25era arte, Iturri Kultur Etxeak “Exodoa: Hondakinak aterpe” argazki erakusketa eta dokumentala hartuko ditu. Euskal Fondoak, Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteak, kudeatutako proiektua da, eta Ankarako erasoaldi historikoen ondoren kurdu-siriarrek bizi duten errealitatea erakustea du helburu.

Erakusketak Andoni Lubaki argazkilari-kazetariaren 40 irudi ditu. Bertan, herritar kurdu-siriarrek pairatzen duten egoera eta gatazka islatzen da, gerrak, sufrimendua… errefuxiatu-esparruak, leku-aldaketak eta herriak bertan behera utzi behar izatea. Argazkien bitartez, artistak agerian utzi gura du herri kurduaren errealitate konplexua. Modu berean, Aretoan bertan ikusi ahal izango den eta Karlos Zurutuza kazetariak zuzendu duen dokumentalak Fatam-en istorioa kontatzen du. Fatam, 22 urteko unibertsitateko neska ikasle kurdua da, eta pinturan aurkitu du Ankarak bere eskualdeari egindako erasoen aurrean ihes egiteko modua.

Erakusketa eta dokumental horietan interesa dutenak Iturri Kultur Etxera joan ahal izango dira otsailaren 25era arte 9:00etatik 20:00etara doan eta aldez aurretik izena eman behar barik.

LANKIDETZA HITZARMENA |  2010az geroztik, Elorrioko Udalak eta Euskal Fondoak lankidetza-hitzarmena dute, garapenerako lankidetza-proiektuak elkarrekin gauzatzeko. “Udaletik hainbat lankidetza-proiektu gauzatzeko laguntzen jarraituko dugu, eta gure espazioak ere lagako ditugu, Iturri Kultur Etxea kasu, nazioarte mailako lanei ikusgaitasuna emateko”, azaldu dute udal arduradunek.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.