Ekimen honen helburua euskararen familia transmisioa lantzea
DURANGALDEA | Jolasaren bidez euskararen transmisioa lantzeko asmoarekin ‘Familian Euskaraz Olgetan’ programa garatuko du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak, Berbaro Elkartearen bidez, azaroa eta abendua artean.
Beste urte batez, ekimen honen helburua euskararen familia transmisioa lantzea da eta horretarako kantu-jolasarekin baliatzen dira. Hori ipar hartuta, euskaraz jolasteko baliabideak eta euskara erabiltzeko guneak eskaini nahi zaizkie familiei, eta, horretarako, jolas dinamizazio saioak egingo dira parke eta eskoletako jolastokietan.
Ekimena 3 eta 5 urte bitarteko umeei eta beraien familiei dago zuzenduta eta ordubeteko saio ludikoetan gozamenaren bidez landuko da hizkuntza, euskara bizipen positiboekin lotzeko. Izan ere, saioen metodologia dinamikoa izango da, eta ume eta helduek elkarrekin jolastuz ikasiko dituzte olgetak.
‘Familian Euskaraz Olgetan’ azaroko azken astean hasi eta abenduan zehar egongo da martxan. Guztira 20 saio egingo dira Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarren.
Parte-hartzea doakoa izango da, baina saio bakoitzeko plazak mugatuak direnez, komenigarria da aldez aurretik izena ematea. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko ikastetxeekin zuzenean harremanetan jartzea gomendatzen da. Baieztapen berrien inguruko informazioa jasotzeko 94 627 86 40 telefonora edo euskera@dma.eus e-postara jo daiteke.