Gauez kontzertuak egongo dira, Nekktar eta Naxker taldeekin eta Xaukena Xauk musika jartzaileekin
DURANGO | Abenduaren 6an Gazte Eztanda ospatuko da Durangoko Azokan. Gazteei eskainitako egitarau berezian, aurkezpenak, lehiaketa, kontzertuak eta ekintza askoz gehiago egongo dira egun osoan zehar. Horrela, goizetik gauera arte kulturarekin gozatzeko plan aparta izango dute gazteek. Belaunaldi arteko transmisioa lantzea da ekimenaren helburua, gazteak baitira kultura orain eta gerora biziko dutenak.
Hartzea ematea da, eta euskal kulturari gazteek emango diote arnasa etorkizunean. Horregatik, Durangoko Azokak Gazte Eztandaren beste edizio bat antolatu du abenduaren 6rako. Aurkezpenen egitaruan bereziki gazteen gustuko izan daitezkeen ekitaldiak programatu dira: Ane Berriotxoa eta Jone Arriolaren lm emanaldiak; Nize, Xsakara eta Kai Nakairen musika aurkezpenak; Miren Amurizaren eta Garazi Albizuaren liburu aurkezpenak; LaburmetraDA lm laburren maratoia… Egitarau osoa durangokoazoka.eus atarian kontsulta daiteke.
Lehiaketa eta kontzertuak
Durangoko Azokaren guneetako ohiko ekitaldiez gainera, bestelako ekintza bi ere antolatu dira Gazte Eztanda egunerako. Eguerdiko 14:00etan, Egin EztanDA! lehiaketan parte hartu ahalko dute 15-25 adin tarteko gazteek, lauko taldetan.
Lehiaketa Landako plazako karpan izango da, eta kultura gaiak ardatz dituen jolas formatuan garatuko da. Izena eman gura duten gazteek egun berean 12:00etan edukiko dute aukera. Ekintza hau Gerediaga elkarteak eta EuskarAbenturak antolatu dute elkarlanean, eta Eroski babesle izango da.
Bestalde, azoka 20:00etan itxi arren, Gazte Eztandak gauez ere jarraituko du. Izan ere, 22:00etarako kontzertua iragarri dute karpan bertan. Nekktar (Durangaldea) eta Naxker (Atarrabia) talde gazteak igoko dira oholtzara, eta ostean Xaukena Xaukeko (Zaldibar) musika jartzaileek girotuko dute gaua.
Autobusak Gasteiztik eta Iruñetik
Gazte Eztandara etorri ahal izateko autobusak ipiniko dira Gasteizen eta Iruñean.
Izena emateko, formulario hau bete dezakete gazteek:
Gasteiz: HEMEN
Iruñea: HEMEN