Urriaren 21a izango da ikastaroan izena-emateko azken eguna

ELORRIO | Urpeko Jardueren Bizkaiko Federazioarekin elkarlanean urpekaritza hastapeneko jardunaldiak antolatu ditu Elorrioko Udalak. Doako ikastaroa eskainiko da azaroko lehenengo asteburuan, 2007, 2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoentzat.
Ikastaroan askotariko alorrak landuko dira: urpekaritzako materialari buruzko azalpena (betaurrekoak, arnas-hodia eta oinetako hegalak) egingo dute; urpekaritzari gainbegiratua emango diote; aire konprimatuko ekipamenduaren erabilera azalduko dute; segurtasun arauak errepasatuko dituzte; materiala lehen aldiz uretan erabiltzen ikasiko dute; eta, bukatzeko, aire konprimatuko ekipamenduarekin uretan murgilduko dira (une oro irakasleak lagunduta). Ikastaroa amaitzean, diplomak ere banatuko zaizkie gazteei.
Guztira ordu eta laurden iraungo du saioak (10:30-11:45), eta izen-emate orrian bi egun daude aukeran: azaroaren 5a edo azaroaren 6a. Orotara 40 parte-hartzailerentzako tokia dago ikastaroan, eta markatutako aukeren arabera antolatuko dituzte 6-10 laguneko taldeak. 40 izen-emate baino gehiago egonez gero, zozketa egingo da. Urriaren 21a, ostirala, da inskripzio-eskaera egiteko azken eguna; Elorrioko udal kiroldegira eraman behar da beteta izen-emate orria beteta.
Ikastaroa doan izango da kiroldegiko igerilekuan, eta beharrezko materiala Urpeko Jardueren Bizkaiko Federazioak jarriko du eskura. Parte hartzeko baldintza bakarra igerian jakitea da.