Iurretako frontoian jokatu zen atzo 35. Euskal Herriko Eskolartekoa
Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zioten sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu zuen 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena izan da txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela txapeldunari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman zion saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere egon ziren oroigarriak.
Bide baten azken puntua
Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.