dotb Durangaldeko Telebista

Helena eta Arai irabazle Durangoko Ezkurdi pilotalekuan

Euskotren Winter Series, lehen jardunaldia: Helena-Arai vs Maite-Frida: 15-14, 15-12

Datorren astean Elaia Gogenola eta Naroa Merino neurtuko dira, Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabalen aurka

ZESTA-PUNTA | Giro ederra Durangoko Ezkurdi pilotalekuan Women Winter Seriesaren bigarren edizioan. 500 pilotazale batu ziren atzo astelehen hotz batean, iazko estreinaldiko kopurua hobetuz eta han izan direnak ez dira damutu ikusitako partidarekin. Lau protagonistek norgehiagoka oso lehiatua eta borrokatua jokatu zuten, ikuskizun bikaina eskeini zuten eta urtebete honetan joko maila igo dutela ere erakutsi zutela. Albiste onak emakumeen zesta-puntarentzat! Jendeak zutik eta txaloka agurtu zituen lau protagonistak.

Partida eta ikuskizun ona zuten, joko alaia eta maila onekoa erakutsi zutelako Berrenetxeak, Lejardik, Ortiz de Mendibilek eta Watkinsek. Azken hau da lauretan gazteena eta baita txapelketakoa ere, Erika Mugartegirekin batera 16 urte egiteko dituzte, biek ala biek.

Atzoko finalerdiari hasiera hobea eman zion bikote horiak. 0-4 hasi ziren aurretik, ondo Maite eta ondo Frida, erasokor eta eskuinez tantoak eginez. Bikote marroiaren lehen tantoa Barrenetxea durangarrak egin zuen, pilota ondo bilatu eta atzean bukatuta (1-4). Alde horri eutsi zioten azken txanpara arte horiek baina atzetik aurrera etorri ziren marroiak. Tantu batera jarri ziren Barrenetxeari esker. Maitek horma bikota bota, Helenak igarri eta jokaldi berarekin amaitu (8-9). Bederatzina berdindu ondoren, pilota oso zaila sartu zuen zabalean Lejardik eta eskumarekin berak amaitu (10-9). Aurretik jarri ziren bizkaitarrak baina gogor eutsi diote arabarrak eta gipuzkoarrak. Hamarnakoa, Maitek txapa gainean dotore. 10-11kakoa, Fridak ondo eutsi eta Lejardik huts. Hamaikanakoa, tanto itzela Arai Lejardik, eskumarekin bi pareta ziztu bizian botata. Hortxe hartu zuten aldea bizkaitarrek 14-11ra arte. Itzelezko tantua izan zen hau, pilota oso gaitzak sartu zituzten laurek eta publikoa gora gora jarri zuten. Baina ez zuten etsi horiek. 14-12, Maitek errebesez indartsu. 14-13, Maitek sake ikaragarria errebotera. 14-14 arabarrak berak txapa gainean. Hamalauna, emozio itzela eta azkenean etxeko pilotariak, Helena Barrenetxeak egin zuen seta erabaki zuen tantoa. Pilota sartu eta bota azkar egiten zuen durangarrak, bizitasuna ematen zion jokoari.

500 pilotazale batu ziren atzo astelehen hotzean

Bigarren jokoa ere berdinduta hasi zen Durangoko Ezkurdi Jai-Alain, baina 3-3koaren ondoren, aldea hartu zuten marroiek, 7-4ra arte. Helenaren egiteako aurrelari arabarra sahiestea izan zen. Arrisku itzela dauka Maitek. Eskumarekin min handia egiten zuen. Ausarta da eta sakearekin ere bikain aritu zen. Merituak egin zituzten baina marroiek apur bat hobeto aritu ziren defentsan. Lejardi segurtasun berme bat da. Ia ez zuen pilotarik huts egiten, errebesarekin oso ondo atzeratzen du eta eskumarekin beti intentzioz jartzen du pilota. 9-6koa berea izan zen, ezker horman baztertuta eta 9-7koa Watkins zumaiarrarena, jokaldi bera eginda. Bederatzina berdintzea lortu zuten marroiek baina bi huts egin zituen Maitek jarraian, momentu txarrean eta Helena durangarrak jokaldi izugarriak egin zituen. 12-10ekoa horma-bikoa eskumaz, eta 14-10ekoa errebotean bi pareta ederra. Zesta-zaleak pozarren harmailetan jokoaz gozatzen baina ez zuten berehala etsi Maitek eta Fridak. 14-12ra arte estutu zuten baina azkenean ezin. Lejardi, Markina-Xemeingo txapeldunak erabaki zituen seta, partida eta finalerako sailkapena.

Publikoa zutik jarri zuten emakume puntistek eta zesta-zaleek txaloka agurtu zituzten lau pilotariak aldagelara bidean. Ikuskizun bikaina eman zuten atzo Durangon. Datorren astean Elaia Gogenola eta Naroa Merino neurtuko dira, Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabalen aurka.

Johan garaile

Banakako Serisean, lapurtarren arteko partida, Johan Sorozabal nagusitu zitzaion Ludovic Laduchi, 12-10 eta 12-3. Datorren astean, Erkiaga Lekerikaren kontra.

8-6 Maitek moztu, 9-6 Araik eskumarekin baztertu ondo. 9-7 Fridak berak horman baztertu. 9-8 Maitek txapa gainean. 9-9 baina 10-9 marroiak. 11-9 Maitek bigarren hutsa jarraian. 11-10, hurrengo 12-10 Helenak horma-bikoa eskumaz. 13-10 tanto bikaina, horiak erasoan, marroiek eutsi ta azkenean Araik tanto. 14-10 Helenak errebotean bi pareta. 14-11 Fridak baztertu. 14-12, Araik azken tantoa

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime