dotb Durangaldeko Telebista

Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren kantu saio musikatua izango da Durangon

Felipe Murillo musikaria, Yaima Orozco trobadorea, Garazi Egiguren eta Eneko Galdos dantzariak, Dana Moya musikaria eta Peru Madalena idazleak ere hartuko dute parte abenduaren 23an

DURANGO | Katuen kontuak Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren kantu saio musikatuaren azken emanaldia hartuko du Plateruena Kultur Aterpeak datorren abenduaren 23an (larunbata), 22:00etan. Saioan zehar entzungo diren abestiak Joseba Sarrionandiak sortu zituen Habanan duela hamar bat urte. Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu ziren eskuz esku. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo eta kanelaz.

Orain, urteak pasa direla, idazle urrundua Euskal Herrian da, eta, kantuok hartu ditu berriro esku artean. Nola litzateke kontua letra eta kantua hurbiltzean? Zein da testu bakoitzaren atzean dagoen historia? Zer pasatu zitzaion katuari? Non daude banku atrakatzaileak? Baduzue sekretu handi eta marabillosoaren berri? Zer pasatu da Belengo portalean? Non dago gure askatasuna? Zer da bizitza, zer da maitasuna, zer da heriotza? Norena da errua? Ikusten da porturik? Galdera horien inguruan jardungo da idazlea. 

Sarrionandiaren ahotik kantuak jaio zireneko kontestua entzun ostean kantuek beste dimentsio bat hartzen dute. Katuen kontuak konplikatuak bezain interesgarriak dira. Osinagaren ahotik, trikitixa nahiz ukelelea soinean eta makinak lagun, gertutik eta modurik gordinenean entzuteak bizipen konpartitua borobiltzen du. Orain artista bisuala batu zaie taldera, emanaldia irudiz janzteaz arduratuko dena. 

Sarrerak salgai 

Abenduaren 23an, gainera, lagunez inguratuta jardungo dira, Felipe Murillo musikaria, Yaima Orozco trobadorea, Garazi Egiguren eta Eneko Galdos dantzariak, Dana Moya musikaria eta Peru Madalena idazleak hartuko dute parte.

Sarrerak eskuragarri dira 10 eurotan Durangoko Arte eta Historia Museoko txarteldegian eta Kutxabanken. Egunean bertan ere izango da erosteko aukera 21:00etatik aurrera, Plateruenan. 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime