Jaien hasiera bariku honetan izango da umeen ekitaldiekin

AMOREBIETA-ETXANO | Eubako auzotarrak jaietan murgilduko dira barikuan, irailaren 4tik 6ra bitartean, adin guztiei zuzendutako egitarau zabal eta parte-hartzaile batekin. Festak irailaren 4an, ostiralez, abiatuko dira txikienen gozamenarako antolatutako umeentzako eskulan tailerrekin eta apar festarekin, 17:30etik 19:30era. Sukaldaritza eta joko zaleek ere izango dute beren tartea arratsaldean zehar, 20:00etan tortilla txapelketa jokatuko baita eta, jarraian, 20:30ean, mus txapelketa.
Larunbatean, irailak 5, Mozorro Eguna ospatuko dute Euban. Eguneko egitaraua erdigunean jarriko duten herri bazkariekin hasiko da: lehenik umeen txanda izango da 13:30ean, eta ondoren nagusiena 15:00etan. Bazkalostean Giroa berotzeko bertso saioa eta «Kittu» erromeria izango dira ikusgai eta entzungai. Iluntzean hanburgesak eta oilaskoak jateko aukera egongo da, eta gaueko festa borobiltzeko DJ festa abiatuko da 21:30etik aurrera.
Auzoko jaiak agurtzeko, igandean, irailak 6, meza ospatuko da 12:00etan, eta ondoren Soinutxikierekin triki-kantu-dantza saioaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Arratsaldean, 17:30ean, Tor Magoaren ikuskizuna egongo da haurrentzat, eta 18:30ean briska txapelketa jokatuko da hirunaka. Festak gozo amaitzeko, txokolatada batekin emango zaio amaiera Eubako hiru eguneko egitarauari.



