Euskera bultzatzeko AEK-k sustatutako ekimenak kultur eta aisialdi jarduerak proposatzen ditu, euskararen erabilera areagotzeko eta arlo guztietan presentzia handiagoa izateko

DURANGO.- Atzo goizean Berbalagun programaren 21. edizioa aurkeztu zen Durangoko Elkartegian, Durangaldeko Mankomunitatearen eta eskualdeko udal guztien babesarekin. Ekimenaren helburu nagusia euskarak kalean lekua irabaztea da, pertsona guztiek, euren hizkuntzaren ezagutza-maila edozein dela ere, konplexuak alde batera uztea eta euskara erabiltzea, euskararen presentzia eta erabilera zabaltzeko.
Horretarako, Berbalagun – Durangaldeak doako jarduerak proposatzen ditu urte osoan zehar, eskualdeko udalerri guztietan, euskara praktikatzeko eta pertsonak elkartzen laguntzeko, azken batean euskaraz bizitzeko. Aurkezpeneko ekitaldian, Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentea, Irati Anakabe Gabiola Durangaldeko Berbalagun programaren dinamizatzailea eta eskualdeko alkateen ordezkaritza bat izan dira.
Lan egin duen bi hamarkada hauetan zehar, Berbalagun bere eskaintza zabalduz joan da, beti ere, “Ariguneen” bidez, kalean eta lan-ingurunean euskaraz berba egiteko konfiantzazko guneak eskaintzen saiatuz, gura duten guztiei euskaraz bizitzeko aukera emateko.Urriaren hasieran hasi zen izena emateko kanpaina eta dagoeneko 17 talde sortu dira, astero Durangaldeko hainbat lekutan biltzen diren ehun pertsona ingururekin. Euskaraz berba egiteko eta aisialdia partekatzeko talde horiezgain, aurten beste jarduera batzuk ere antolatzeko asmoa dago, hala nola, mendi irteerak, irakurketa klubak, bisita gidatuak, hitzaldiak, edo, Iurretako herritar talde batek proposatuta iaz martxan jarri zen “Hiketalagun” ekimena. Hiketalagunen barruan, hitanoaren egoera txarraren jakitun, “Poltsikorako hitanoa” liburuxka argitaratu zen. Asmoa liburuxka oinarri hartuta ikastaroa antolatu eta Hiketalagun taldeak sortzea da.
Berbalagunen jarduera guztietan parte hartzea doakoa da eta edonork har dezake parte. Horregatik, udal guztiek eta Durangaldeko Mankomunitateak dei egin diete herritarrei parte hartzeko eta euskaraz biziz gozatzeko. Izena emateko edo informazio gehiago nahi izanez gero, telefonoz eta posta elektronikoz jar daiteke harremanetan: 639 400 786// durangaldea@aek.eus
Informazio gehiago: http://praktikatu.eus/blog/