dotb Durangaldeko Telebista

Mankomunitateak gazteentzako aisialdiko begirale izateko ikastaro arautu berri bat antolatu du

Euskaraz emango den prestakuntzak 150 ordu teoriko eta 160 praktiko izango ditu, izen-ematea urriaren 14ra arte

Interesatuek urriaren 14ra arte eman ahal izango dute izena

ABADIÑO.- Durangaldeko Mankomunitateak umeentzako eta gazteentzako aisialdiko begirale izateko ikastaro arautu berri bat eskainiko du, eskualdeko 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. Interesatuek urriaren 14ra arte eman ahal izango dute izena. Plazak mugatuak dira, eta, beraz, eskaintza gaindituz gero, zozketa bidez esleituko dira.

Euskaraz emango den prestakuntza Durangaldeko Mankomunitateko udalerrietan erroldatuta dauden gazteei dago zuzenduta: Abadino, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Ikastaroa diruz lagunduko dute Durangaldeko Mankomunitateak eta Eroski enpresa laguntzaileak.

Kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeaz gain, ikastaroaren bitartez euskarazko prestakuntza-eskaintza zabaltzen da, kasu honetan aisialdiko begirale-ikastaro arautu batekin. Ikastaroaren bitartez, urtean zehar eskualdeko udalek, elkarteek eta ikastetxeek abian jartzen dituzten haur eta gazteen aisialdirako jardueretarako langile kualifikatuen beharrak asetzea bilatzen da.

Ikastaroa Durangoko Ibaizabal ikastolan izango da. Urritik ekainera 150 orduko prestakuntza teorikoa eskainiko da, eta ondoren 160 orduko praktikaldia. Alderdi teorikoak haurren eta gazteen aisialdiko hezkuntza jarduerei, talde eta hezkuntza prozesuei eta aisialdiko jardueretako animazio teknikei eta baliabideei buruzko ikasgaiak bilduko ditu. Prestakuntza osatzen dutenek haurren eta gazteen aisialdiko jarduerak dinamizatzeko profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.