Mendeurrenaren ospakizunak bihar izango dira eta hainbat ekitaldi antolatu dira auzo eskola izan zena gogoratzeko

ABADIÑO | 100 urtetan zehar hamaika bizipen eta istorio biltzen dira eta Mendiolako eskola horren adibide garbia da. Auzo-eskolaren lehen ikasturtea 1923-1924 izan zen eta 1988tik aurrera Errekatxo Auzo Elkartearen egoitza bihurtu zen. Gaur, hilak 25, mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira biharko. Besteak beste, argazki zaharren erakusketa, eskolaren historia laburbiltzen duen dokumentalaren emanaldia eta bazkari herrikoia. “Duela urte asko baserriko jendea hona etortzen zen ikastera. Urte askotan zehar hemen ume, maisu eta maistra asko egon ziren eta kurtso honetan 100 urte betetzen direnez, urteurrena ospatzeko ekitaldi batzuk prestatu dira”, gogoratu du Loli Agirre Mendiolako Errekatxo elkarteko kideak.


