Landakon eginiko ekitaldian izan dira Basterretxearen senideak, eta oroigarria jaso dute Gerediaga elkarteko presidentearen eskutik
DURANGO | 59. Durangoko Azokaren barruan, Néstor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin dute gaur, Gerediaga elkartearen ekimenez. Bertan izan dira artistaren familiako kideak ere, eta oroigarria jaso dute Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik. Gainera, instituzioetako hainbat ordezkari ere etorri dira. Ekitaldi honekin, Basterretxearen sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan dituzte, artistaren jaiotzaren mendeurrena bete denean.
“Néstor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut. Izan ere, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute”, azaldu du Mujikakekitaldian. Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan eginiko obraren lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak prestatu duen erakusketan. Lanetako asko sekula ikusi gabeak dira.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzi nagusietako bat izan zen Basterretxea, eta Durangoko Azokarekin harremana izan zuen. Adibidez, 2012an, berak sortu zuen 47. ediziorako irudia. Gerediagak orduko hartan eskaria egin zionean, ikuspuntu sortzaile eta kritiko batetik diseinatu zuen axa, eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen beraren bideo bat proiektatu dute ekitaldian.
Horrez gainera, Basterretxeak Durangaldearekin izan zuen lotura ere gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko ‘Heriotza zerutik etorri jakun’ eskultura eta Durangoko Tabira auzoan dagoen ‘Hirugarren hilarria’ artelana aipatu dituzte. Lotura horren inguruko informazio sakonagoarekin, erreportaje zabala eskaini diote aurtengo Astola urtekarian.
Bisitariei eskerrak
Atzo, azokaren bigarren egunean, jendetza batu zen Durangon, bai Landakon bai herriko beste hainbat gunetan. Segurtasuna zaintzeko helburuz Landakon aforoa kontrolatzen da, eta atzo herritarrek ilara egin behar izan zuten eguneko momentu askotan. Bisitariek erakutsitako pazientzia eskertu nahi izan du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. “Bihotz-bihotzez eskertuta gaude Durangora etorri zinetelako. Deia egin genuen eta asko etorri zineten. Jakin badakigu askorentzat bisita ez zela erosoa izan: autobusean gerturatzeko atzerapenak izan ziren, Landakora sartzeko ilara egin behar izan zenuten… Badakigu datozen urteetarako zer eta non daukagun hobetua”, azaldu du Gaztelurrutiak.
Durangoko Azokak aurrera darrai, eta gaur zein bihar bertaratzeko gonbitea egin die kulturazaleei Gerediaga elkarteko kudeatzaileak.