Bi saio ezberdinetan zehar kultur espaziorako ildo nagusiak herriko elkarte, eragile eta norbanakoekin batera zehaztu nahi ditu Udalak

DURANGO | Durangoko Udalak Plateruenarako Kultur Mahaia eratzeko prozesua eratuko du datozen egunetan. Mahai horren bitartez, Plateruenaren etorkizuneko dinamika zehaztu nahi da, eta horretarako lehen bilerak antolatu dira urtarrilaren 24rako eta otsailaren 14rako, biak 18:00etan.
Kultur Mahaia Plateruenako kudeaketan ardatz garrantzitsua izango da, Durangoko Udalak proiektu horretarako ezarri nahi duen eredu publiko-komunitarioaren baitan. Horretarako, deialdi zabala egin zaie herriko elkarte, eragile eta norbanakoei. Asistentzia konfirmatzeko formulario bat jarri da eskuragarri (https://forms.gle/QDr7Y87NTfnoRkFg8).
Udalak Plateruenaren kudeaketa bere gain hartu ostean, berau eredu publiko-komunitario baten bitartez egingo zuela aurreratu zuen. Prozesu horrekin herriko eragile ezberdinekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, iaz egindako diagnostikoan hainbat lan esparru zehaztu dira, besteak beste, sorkuntzarako espazio izatea, harrobia zaintzea, euskaltzaleen topagune izatea, esperimentaziorako gunea eskaintzea eta euskal kulturaren erakuslehio izatea.