dotb Durangaldeko Telebista

Xabier Amurizak, Mikel Urdangarinek eta Jon Ander Urkiagak Lauaxeta Saria jaso dute

Amurizak eta Urdangarinek Ohorezko Saria jaso dute eta Urkiagak Poesia saria

Lauaxeta sariak 2021

DURANGALDEA.- Mikel Urdangarin eta Jon Ander Urkiaga zornotzarrek eta Xabier Amuriza berriztarrak Lauaxeta sariak jaso dituzte gaur goizean. Amuriza eta Urdangarinaren kasuan Ohorezko saria izan da eta Urkiagak Poesia saria jaso du.

Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta kirol foru diputatuak 2021ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte gaur. Ekitaldi berezi honetan Aldundiak urtero banatzen dituen Lauaxeta Sariak banatu ditu.

Iaz pandemia dela eta Aldundiak ez zuen Ohorezkorik eman, horregatik oraingoan Lauaxeta Ohorrezko Saria 2020 Xabier Amurizari eman dio eta Lauaxeta Ohorezko Saria 2021 Bizkaiko Euskarazko Musika Sortzaileei eman die Aldundiak, haietako lagin bati zehazki.

Ohorezko Lauaxeta sari hauen helburua hauxe da: «Bizkaian bereziki eta, munduan zehar, oro har, euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak publikoki aitortzea, saritzea eta merezimenduzko jarduera horiek plazaratu eta zabaltzea, ahal den neurrian gizartea euskararen sustapen zeregin horretara erakartzeko pizgarri gerta daitezen».

Xabier Amuriza erreferentea da, besteak beste, bertsolari, kantugile, letragile eta idazle moduan, baina ezin izan da ekitaldian izan eta audioaz adierazi dio bere esker ona Bizkaiko Foru Aldundiari.

Bestalde, Gontzal Mendibil, Mikel Urdangarin, Zea Mays eta Gatibu izan dira Lauaxeta Ohorezko Sariak 2021, Bizkaiko Euskarazko Musika Sortzaile diren neurrian. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia izan da eta nabarmendu du «guztiak bizkaitarrak izanik, euskarazko musikariak dira, etenik gabeko ibilbide luzea izan dute bakoitza bere estiloari eutsiz eta gaur ere kantuan ari dira; publiko eta musika mota diferentetakoak dira, hedadura zabalekoak eta musikari erreferenteak».

XVII. edizio honetan, idazle gazteen artean poesiagintza suspertzeko eta zabaltzeko asmoz mailakatu eta banatu den Lauaxeta Poesia saria Leire Bilbao eta Jon Ander Urkiagantzat izan da. Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian,  Jon Ander Urkiagak jaso du, ` Bizi Min ´ poema-bildumagatik. Epaimahaiak ezaugarri hauek nabarmendu ditu: » Autorearen poesiak 39 poemaren bidez bizitzak sortzen duen eta heriotzak estaltzen duen malenkonia kutsuan egindako bidaia eskaini digu. Galderez osaturiko diskurtso poetikoa da berea, ikuskizunaren errotik sorturikoa»

35 urtetik gorakoen kategorian, berriz, Leire Bilbaok eskuratu du, poesia saria `Etxeko Urak´ poema liburuagatik. Kasu honetan ere epaimahaiak aho batez erabaki du irabazlea, eta honakoa nabarmendu du: » Idazleak maisuki darabil hizkera poetikoa gizartearen sinbolo horiek bereak egiteko eta bere hizkera propioz ernaltzeko eta emateko. Zuzena da bere diskurtsoa, batua bere mezuan, eta irakurlearengana oztoporik gabe iristen dena. Paralelismoak eta identifikazioak maite ditu, eta bere mezuaren eta itsasoko esanahien arteko zubia erraz eraikitzen du amatasunari buruzko liburu honetan«.

Bestetik, Ikus-entzunezkoen Saria Iñaki Alforja eta Ivan Toledo zuzendariek jaso dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, `Bolante baten historia´ lanagatik.

Unai Rementeriak argi adierazi du bere berbaldian «euskera bizia da eta ez dekorazio edo subenir bat» esan ondoren «euskara gehiago erabiltzea eta gehiagok erabiltzea» gurako leukela, eta erabileraren harira gehitu du «ahalegindu gaitezan erabiltzerakoan, ondo erabiltzen, konsziente izanik non eta zertan hobetu behar dogun». Bukatzeko eskerrak eman dizkie, nola ez, gaur sarituak izan direnei «zuon lanak laguntzen dau hau guztia posible egiten, euskaraz sortzen dozuen danok eta hizkuntza ahotan daraman herritar danok».

Ekitaldi berezia antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak sari-banaketa ospatzeko, izan ere, Bilboko Koral Elkartearen emankizunaz eta Garazi Etxabururen dantzaz gozatu ahal izan dute bertara joan direnek. Halaber, bertsoek ere bere tartea izan dute Iruri Altzerreka eta Onintza Enbeitaren eskutik eta euskarazko literatura nazioartean egokiro hedatu duen Kirmen Uribe idazleak errezitaldia eman du bertan.

Gonbidatuei dagokienez, gizarte esparru guztietako ordezkaritza zabalak parte hartu du sari banaketa ekitaldian.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.