Pertsonen zaintzan lan egiten duten emakume migranteei bideratutako ikastaroa izango da

ELORRIO | 2018an eta 2019an egin bezala, Zaintza barik, bizitzarik ez ikastaroa jarriko du martxan Elorrioko Udalak 2023. Hamar saioa izango dira guztira, eta horietan, mendekotasuna duten pertsonen zaintzan diharduten emakume migranteei prestakuntza eta hausnarketarako espazioak eskainiko zaizkie. Halaber, emakume horiek ahaldundu, eta, herrian egiten duten lana ikusarazi nahi da.
Udalak lankidetzan antolatu du ikastaroa, Elorrioko Osasun zentroa, Elorrixoko Bilgune Feminista eta Kainabera elkartearekin batera. Proiektuan izena ematen duten emakumeak, urtarrilaren 24tik martxoaren 28ra arte, asteartero elkartuko dira. Helburu nagusia mendetasuna duten pertsonak zaintzeko osasun-arloko ezagutza orokorrak areagotzea izango da. Eta, era berean, beste esparru batzuk landuko dira: lan arloko konfiantza handitzea, autozainketa bultzatzea, komunitate-harremanak sustatzea emakume migranteen gizarteratzea bultzatuz, erakundeen babesa izango duen komunitate-sarea sortzea eta ahalduntzea bultzatzea.
Zaintza arloan diharduten kolektiboei ez ezik, elorriar guztiei zuzendutako proiektua da Zaintza barik, bizitzarik ez. Izan ere, herri mailako kontzientzia sortu nahi du Udalak, zaintza lanak erdigunean jarri eta herriko bizitzan zein herritarrengan duen garrantzia azpimarratuz. Hau da, gehienbat, emakume migranteek egiten duten zaintza lan hori ikusaraziz, eta askotan egoera prekarioan diharduten lan horren balioa handituz.