dotb Durangaldeko Telebista

ZUOK, Zornotzako 20 eta 28 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena, martxan

Joan den ostiralean amaitu zen izena emateko fasea eta guztira bihar 126 gaztek aurkeztu zuten hautagaitza egingo diren bileretan parte hartzeko

Lehen saioa asteburu honetan izango da, Zelaieta Zentroan, 10:00etatik 13:00etara

AMOREBIETA-ETXANO | Larunbat honetan hasiko da ZUOK, Amorebieta-Etxanoko Udalak 20 eta 28 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen aitzindaria, herria garatzen eta hobetzen lagunduko duen programa, proiektu eta zerbitzuen diseinuan gazteek aktiboki parte hartzea ahalbidetuko duen ekimena. Proiektua Arkalaz estrategiaren parte da, eta helburua da herritarrak Udal erabakien parte izatea.

Gazteen ahotsak Amorebieta-Etxanoren etorkizunerako erabakigarriak direla sinetsita, ZUOK komunikazio eta parte-hartze kanal zuzena izatea proposatzen du Udalak. Bost lan-saioen bidez, parte-hartzaileei beren kezkak, nahiak eta proposamenak adierazteko aukera emango zaie, adierazpen askea eta ideien trukea sustatzen duen giro batean.

Ainhoa Salterain alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: «Funtsezkoa da gure gazteen iritziak eta beharrak entzutea eta baloratzea. Beren interesak islatzen dituzten eta ongizatea lortzen laguntzen duten politikak eta ekintzak inplementatu nahi ditugu».

126 pertsona inskribatuta

ZUOK ekimenaren hasierako fasean interesa duten gazteak erakartzea izan da helburua; joan den ostiralean itxi zen izen-ematea, eta guztira 126 gaztek eman dute izena. Talde horretatik 30 gazte hautatu dira, genero, adin, bizileku, kultura-jatorri eta ikasketa-maila desberdinak kontuan izanda. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak 500 euroko konpentsazioa jasoko du, konpromisoaren eta parte-hartzearen aitorpen gisa, 100 eurotan banatuta bertaratzen diren saio bakoitzeko. 

Larunbatean hasiko den bigarren fasean, ZUOK ekimenak elkarrizketa eta elkar sorkuntza sustatuko ditu gazteentzako funtsezkoak diren arloetan, hala nola, aisialdian, emantzipazioan, prestakuntzan eta enpleguan edota gazteek beraiek proposatutako gaietan. Lehen saioa asteburu honetan izango da, Zelaieta Zentroan, 10:00etatik 13:00etara. Gainerako saioak ere leku eta ordu berean izango dira, ondorengo datetan: martxoaren 16an, apirilaren 27an, maiatzaren 18an eta ekainaren 15ean egingo diren topaketekin jarraituz. 

Azken fasea

Proiektuaren amaieran, saioak amaitzean, bi edo hiru proiektu hautatuko dira eraginkortasunez ezartzeko, eta mugarri bat izango dira gazteen parte-hartzean eta Amorebieta-Etxanoko garapenean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime