Zornotzako Barnetegiak, AEK eta Udal Euskaltegiak egungo egoerara egokitutako ikasturtearen matrikulazioaren epea zabaldu dute

AMOREBIETA-ETXANO.- Ezohiko egoera honetan eta estreinatu berri den 2020-2021 ikasturteak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko, Zornotzako Udalak, aurreko urteotan egin duen moduan, udalerrian eskeintzen diren euskara ikastaroak ezagutzera eman ditu gaur. Oraingoan, egungo egoerak baldintzatutako ikastaroak izango dira, baina Zornotzako Barnetegiak, AEK eta Udal Euskaltegiak 2020-2021 ikasturteko matrikulazioaren epea zabalik dagoela adierazi dute.
“Erronka berriei egokitu eta egoerara moldatu eta erantzutea tokatu zaigu eta hiru eskaintza ezberdin emango ditugu, aurrez aurrekoa, telematikoa eta online”, azaldu du Maribi Zubiaga Zornotzako Barnetegiaren zuzendariak. Era berean, Igor Landaluze, AEK-ko arduradunak “ikasturte ezohiko batetik gatoz, baina ikastalde guztiak mantentzeko gai izan gara, 80 ikasle izan dira 2019-2020 ikasturtean eta gogotsu eta itxaropentsu gaude” azpimarratu du.
Bestalde, Idoia Zuloaga Udal Euskaltegiaren zuzendariak, taldeak murriztu beharko direla aitortu du, baina hala ere “talde anitzak osatzeko aukera dago, adin ezberdinetakoak, 60-90 orduko ikastaroak eta aurrekoan ezustekoan arrapatu zigun, baina oraingoan ez da hori gertatuko”.
Azkenik, Amaia Aurrekoetxea Euskara zinegotziak, Zornotzako Udalak udalerrian erroldatuta dauden ikasleentzat diru-laguntzak eskaintzen jarraituko duela adierazi du datorren hilabetetik aurrera.