dotb Durangaldeko Telebista

Abadiñok on-line ginkana antolatu du gazteen artean interneten euskara sustatzeko

Izena emateko epea hilaren 21era arte egongo da zabalik 

AbadiñON Gazte Lehia abian

ABADIÑO | AbadiñON Gazte Lehia programaren barruan, Udalak urtarrilaren 21etik otsailaren 15era egingo den On-line Ginkana antolatu du udalerriko 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, abadiñar gazteen aisialdia aberasteko eta baita sare sozialetan eta Interneten euskararen erabilera ludikoa sustatzeko.  

Ekimenean parte hartzeko izena emateko epea gaurtik urtarrilaren 21era, ostiralera, arte, egongo da zabalik. Egun horretan jarriko da martxan On-line Ginkana. Izena emateko, bide hauek erabil daitezke: on.gaztelehia@gmail.com helbide elektronikoa, 688 763 074 telefono zenbakia, Instagrameko @abadinogaztelehia eta Facebookeko Abadiñon Gaztelehia.   

Lehiaketaren mekanika erraza da. Banaka edo gehienez lau pertsonako taldeetan, parte-hartzaileek lau proba bete beharko dituzte guztira. Proba horiek lehiaketaren sare sozial ofizialetan (Facebook eta Instagram) jakinaraziko dira ostiralero (urtarrilak 21 eta 28, otsailak 4 eta 11), eta otsailaren 15ean, asteartea, amaituko da probak beteta aurkezteko epea. Otsailaren 18an, ostiralean, jakinaraziko dira irabazleak.   

SARIAK | Proben edukia ludikoa izango da; beraz, On-line Ginkana honetan dibertsioa ziurtatuta dago, eta 600 euro banatuko dira saritan. Pertsona edo talde irabazleak 300 euroko bonoa jasoko du, bigarren saria 200 eurokoa izango da eta parte-hartzaile guztien artean zozketatuko den hirugarren saria 100 eurokoa.   

Abadiñoko Udalak, herriko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta Interneten eta sare sozialetan euskara erakargarri egiteko helburuarekin jarri du martxan ekimena. Horretarako, modu osasuntsu eta sortzailean dibertitzeaz gain, Abadiñoko gazteek gaur egun euskarak Interneten presentzia izan dezan dauden tresnak ezagutuko dituzte, sare sozialen erabilerari dagokionez. Ekimena astean zehar aurkeztuko zaie Matienako Institutuko ikasleei.  

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.