dotb Durangaldeko Telebista

Abadiñoko udalak udalerriko baserrien inbentarioa egiteko prozesua hasi du

Helburua baserrien errealitatea ezagutzea eta banaketa horizontala erraztea da, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan 

Udaleko langileak herriko baserriak bisitatzen ari dira 

 ABADIÑO | Abadiñoko Udalak udalerriko baserrien inbentarioa egiteko prozesua jarri du martxan, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan baserrien babesa bermatzeko, banaketa horizontala egin ahal izateko, baserrien kontserbazioa errazteko, hain zuzen ere.  

Horretarako, galdeketa bat jarri da udalaren webgunean, landa-eremuetan eta sakabanatuta dauden higiezin horien errealitatea eta zerbitzuak ezagutzeko, batez ere. Gainera, Udaleko langileak herriko baserriak bisitatzen ari dira informazioa aurrez aurre emateko eta higiezina inbentario horretan inskribatzea errazteko.  

Izan ere, Abadiñoko mendi-hegalak baserriz josita daude, nekazaritza eta abeltzaintzaren iraganaren lekuko. Arkitektura herrikoia da, eta udalerriaren eta Durangalde osoaren kultur ondarearen funtsezko parte da. Hori dela eta, ekimenaren helburua horien kontserbazioa indartzea eta erraztea da.  

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuak, baserri horien banaketa horizontala egiteko aukera ematen du, kontserbatzea errazagoa izan dadin. Babesteko borondate hori higiezinak zaintzea eta ingurumena eta ingurune naturala uztartzea helburu duen Dekretuaren I. eranskinaren 20.5 artikuluan ere islatzen da.  

Baserriak indarrean dagoen araudiak ezarritako moduan banatu ahal izateko, Udalak baserri horien errealitatea eta zerbitzuak ezagutzeko aukera emango dion inbentarioa izan behar du. Banaketa horizontala, eraikin bat hainbat zatitan banatzeko balio duen egintza juridikoa da, horrela, finka bakoitza bere aldetik kudeatzeko.  

“Mundu guztiaren nahia baserriak zaintzea da, baina eraikin handiak dira, kasu batzuetan zaharrak eta, beraz, balio immaterial handikoak, eta batzuetan arazo bat dira jabetzarentzat. Helburua Abadiñoko baserrien errealitatearen inbentario bat izatea da, egungo arau-esparruan baserrien kontserbazioa errazteko eta, era berean, udal-eskumeneko gabeziak konpontzeko edo horiek hobetzeko egin dezakeguna egiteko”, azaldu du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak.   

Galdeketak zazpi galdera erraz ditu, baserriaren izena, kokapena eta eraikitze-urtea; halaber, etxebizitzei buruzko jatorrizko eta gaur egungo informazioa eskatzen da, bai eta zerbitzuei buruzko datuak ere, hau da, zuntz optikoa, telefono-estaldura edo sarbideetan, argiztapenean edo hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuan gabeziak dituen ala ez.  

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.