dotb Durangaldeko Telebista

Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Jai Alai Leagueko lehen txapeldunak 

Lehen seta oso parekatua izan zen baina bigarrenean etsi egin zutenLaduchek eta Basquek

Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Jai Alai League-ko lehen txapeldunak Argazkia: Eraman

ZESTA PUNTA |  | Bi belaunaldi txapel beraren azpian. Halaxe uztartu ditu Jai Alai Leaguek bere lehen edizioan. Batetik Aritz Erkiaga, dagoeneko urte luzez maila gorenean jokatzen ari dena. Demostratu beharreko guztia, demostratuta dauka. Bestetik Gorka Sorozabal. Bere lehen denboraldia da hau Euskal Herrian profesional mailan eta marka jarri du. Ligako azken fasera bigarren atzelari onena bezala sailkatuta lehenik (soilik Lopez izan da hobea) eta ondoren, Erkiagarekin titulua irabazita.

Durangoko Ezkurdi pilotalekua izan da horren lekuko. Berriztu eta inauguratu zutenetik zortzi hilabetera, zesta-puntaren plaza garrantzitsu izatera bueltatu da, denbora motzean. Bertan eman zuten erakustaldia, pasaden astean, Laduchek eta Basquek. Atzo gauean lehen setean lehiatu zuten, eta ondo. Baina behin hura galduta, amore eman zuten. Ezinak jota jokatu zuten bigarren seta. Atzean, harkaitza baino sendoago aurkitu zuten Gorka Sorozabal biarriztar gaztea, eta aurrean, tantua amaitzeko erreztasun itzelarekin Erkiaga. Errematean maisua da Aritz, baina ikusi egin behar da nola botatzen zuten errebesez pilota. Beti atzeko hormaren beheko aldera, eta gainera baztertuta. Erramate politenak besteko garrantzia dauka, Erkiagaren piloteoko errebesak.

«Pozgarria da Durangoko Ezkurdin, hainbeste urte eta gero, halako betekadak ikustea». Hala esan zien atzo Goikoetxeak durangarrei, partida amaieran egin dioten agur-omenaldian. Bete egin zen Ezkurdi Jai Alai League-ren final handia ikusteko, eta norgehiagoka oso parekatua izan zen, bere lehen zatian. Bana, launa, zortzina eta hamarna berdindu zuten. Urdinek abiadura eman nahi izan zioten pilotari, horretarako material bizia aukeratuz. Hala ere oso seguru aritu zen Gorka Sorozabal. Bere ezaugarri teknikoez gain, hori da bere doaia. Segurtasuna. Duen adina izanda gainera. Azken txanpan erabaki zen lehen jokoa. Laduchek barruan goxo goxe utzi zuen lehenik (10-9), baina Erkiagak erreskan egindako bi tantuk eragin zituzten txalo zaparrada handienak. Errebotean ustekabeko horma-bikoa lehenik, errebesez (12-11) eta zabalean moztuta hurrengoa (13-11). Basquek pilota txulara bidali eta tantu batera jarri dira urdinak, baina ezin izan zituzten berriz gorriak harrapatu. 15-13.

Bigarren jokoan 6-1 aurreratu ziren gorriak. Hormabikoak eta txapa gainean moztutako tantoak egin zituen Aritzek. Hori gutxi ez eta Laduchen sakeetara ere eroso sartu zen, ondoren aurreko koadroetan amaituz. Partida erabakita egon zen, baina finala bukatzea falta zen. Etsita eta burumakur izan arren, ahaleginean jarraitu zuten Laduchek eta Basquek markagailuak 15 eta 5ekoa erakutsi zuten arte.

Erkiaga eta Gorka Sorozabal dira beraz, Jai Alai Leagueko lehen irabazleak. Liga honetako txapelketetako bat ere elkarrekin irabaziak. Beraiek lortu zuten abuztuan, Donibane Lohizuneko Nazioartekoetako txapela.  Atzoko sari banaketan izan ziren Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariak eta liga hau sortu eta posible egin duten Eraman! enpresako eta Iparraldeko frontoietako ordezkariak.

«Gorkak aurkariak onetik atera ditu gaur. Pilota guztiak sartzen izan ditu, lehenengo seta moralez gainezka bukatu dugu eta bigarren setean, eurek etsi egin dute», azualdu zuten partidaren amaieran.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime