Gerediaga elkartearen aldizkariak irakurleen iritziak eta Ainhoa Urienek Xabier Amurizari egindako elkarrizketa jasotzen ditu

DURANGALDEA | Gerediaga elkarteak sustatutako Astola aldizkariak 20. zenbakia kaleratu du, bi hamarkadako ibilbidea ospatzeko edizio berezi batekin. Durangaldeko historia, kultura eta ikerketa-gaiak zabaltzeko sortutako urtekaria eskualdeko liburu-dendetan dago jada salgai, eta abenduaren 4tik 8ra bitartean Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango da, Gerediaga elkartearen erakusmahaian.
Azaroaren 5ean egindako aurkezpen-ekitaldian 80ko hamarkadako? Ez: irakurleak, laguntzaileak eta babesleak bildu ziren, aldizkariaren ibilbidea gogoratzeko. Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak Astolaren ekarpena nabarmendu zuen, eskualdearen iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dituen proiektua dela azpimarratuz. Era berean, aldizkariaren sorreran eta garapenean parte hartu duten pertsonen lana eskertu zuen.
Proiektua
Duela 20 urte hasi zen Astolaren ibilbidea, lagun talde baten ametsari esker. Kartzela zaharraren izena hartu zuen aldizkariak, eta hasieratik liburu baten antzeko formatua eta eduki zainduak eskaintzea izan zuen helburu. Hasierako erredakzio-taldeko kide izan zen Txelu Angoitia, eta gaur egun ere bera da zuzendaria.
Aurkezpenean, Angoitiak gogora ekarri zuen Jose Mari Uriarterekin batera Aiaraldeko Aunia aldizkaria ezagutzera joan zela, hura eredu hartuta Astola sortzeko asmoz. Ordutik, 130 egile ingururen 200 artikulu inguru argitaratu dituzte, guztira 3.300 orrialde eta 4.700 irudi baino gehiago.
Angoitiak, gainera, erredakzioan bidelagun izan dituen Jose Mari Uriarte, Jon Irazabal eta Izaskun Ellakuriaga gogoratu zituen, bakoitzak proiektuari egindako ekarpena eskertuz. Aurkezpena giro hunkigarri eta gertukoan egin zuten, aldizkarian parte hartu duten guztiei aitortza eginez.
Irakurleen iritziak
Hogeigarren zenbaki bereziak Astolaren ibilbideari begiratzeko atal bat ere badakar. Bertan, hainbat irakurlek aldizkariari buruzko iritziak eta hausnarketak partekatu dituzte. Jasone Agirre, Garazi Arrizabalaga, Marisa Barrena, Belen Bengoetxea, Francisco Javier Díez, Juan Manuel Gonzalez, Mikel Onandia, Karolina Suarez, Gaizka Zabarte eta Miguel Zugaza dira parte hartu dutenak. Horrez gain, Jasone Agirrek Txelu Angoitia aldizkariko zuzendariarekin izandako solasaldia ere jaso dute.
Aurtengo edukien artean, Ainhoa Urienek Xabier Amurizari egindako elkarrizketa nabarmentzen da. Etxanoko bertsolari eta idazlearen ibilbidea errepasatzen duen solasaldi gertukoa da.
Aldizkariak beste hainbat gai ere lantzen ditu: Foto Sol argazki-artxiboko irudiak eta argazkigintzako langileen historia; Durangaldeko langile-mugimendua eta autoantolakuntza 1960tik 1979ra bitartean; Hontza museoaren etorkizuneko asmoak; Iurretaren anexioa; Kurutziagako Gurutzea; Belatxikietako San Inazio ermitaren 75. urteurrena eta Elorrioko armarriak, besteak beste. Durangaldeko txoko kuttunei buruzko idazkiak ere ez dira faltako.
Non eskuratu
Astolaren 20. zenbakia eskualdeko hainbat saltokitan dago salgai: Abadiñoko Petite dendan eta Zelaietako estankoan; Berrizko Etxebarria estankoan; Durangoko Arteka, Etxebarria, Gozotxori, Hitz, Ikerfer, Marpa, Urrike eta Museoan; Elorrioko Txokolaten; Iurretako kopistegian eta Zaldibarko Imendian.
Gainera, Durangoko Azokan, abenduaren 4tik 8ra, Gerediaga elkartearen erakusmahaian erosi ahal izango da.


