[dotb.eus] [bideoa] Zornotzan 91 arigune egongo dira Euskaraldian

  • 9
    Shares
Parte-hartzeko izena emateko epea azaroaren 24ra arte dago zabalik
Hainbat ekitaldi antolatu dira Euskaraldiaren inguruan

AMOREBIETA-ETXANO.- Gaurtik aurrera hainbat ekitaldi izango dira Zornotzan Euskaraldia ospatzeko. Ekimen hau euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Honen helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 16 urtetik gorako helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. 2018an egin zen lehenengo aldiz ariketa, 11 egunetan zehar; orduan, norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ariketan parte hartu zutenak, ahobizi eta belarriprest; Zornotzan ia 2.000 parte-hartzaile egon ziren.

Aurten egingo den bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da, eta, aurtengoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak ematen hasi daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Amorebieta-Etxanon 91 arigune egongo dira 15 egun hauetan zehar euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko aukera errazteko. Ariguneen artean Udala, kirol elkarteak, kultur elkarteak, komertzioak, ostalariak eta enpresak daude; horiek, identifikagarri bat izango dute, bertan euskaraz lasai egin daitekeela adierazteko.

Izen-ematea aurreko ekitaldian baino motelago dabil herri guztietan, baina oraindik bultzada eman ahal diogu izena emateko epea azaroaren 24ra arte luzatu baita. Beraz, “jendea animatu nahi dugu izena ematera euskaraldia.eus webgunean. Gure herrian Euskaraldia janzteko herriko batzordeak kultur agenda anitza prestatu du, mota askotako ekitaldirekin” udal ordezkariek adierazi dutenez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.