dotb Durangaldeko Telebista

Boroako III. Ganadu eta Artisau Azoka igande honetan ospatuko da

Antolatutako ekintzen artean, ganadu eta nekazal postuen erakusketak, Eusko Label produktuen dastaketa edota harrijasotzaile gazteen erakustaldia nabarmentzen dira

Azokak tradizioa, lehen sektorea eta tokiko produktuak uztartuko ditu

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren apirilaren 26an, igandea, 10:00etatik 14:30era bitartean, Boroak III. Ganadu eta Artisau Azoka hartuko du. Adin guztietarako egitaraua prestatu da, eta bertan ganadu eta nekazal postuen erakusketak, produktu dastaketak eta herri-kirol erakustaldiak izango dira protagonista.

Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera azokari, ganadu eta nekazal postuen erakusketarekin. Goiz osoan zehar trikitilariek girotuko dute Boroa, eta Eusko Label produktuen dastaketak ere eskainiko dira.

Egitarauko une nagusietako bat 12:00etan izango da, Mikel Etxebarriak eskainiko duen ardi-mozketa erakustaldiarekin. Ondoren, 13:00etan, herri kirolen txanda helduko da: harri-jasotzaile lanetan Jon Gisasola eta Haritz eta Izei Abendibar arituko dira, eta aizkoran Irati Astondoa izango da protagonista.

Azokak tradizioa, lehen sektorea eta tokiko produktuak uztartuko ditu, giro herrikoian, zornotzar zein bisitarien gozamenerako.

Trafiko neurriak

Azoka dela eta, trafiko-neurri bereziak ezarriko dira Boroa inguruan. 10:00etatik 14:30era, Boroara sartzeko errepidea noranzko bakarrekoa izango da, eta irteera Urgoiti auzotik egin beharko da. Garaitondotik, ordea, sarrera eta irteera bi noranzkoetan mantenduko dira.

Era berean, seinaleak eta konoak jarriko dira baserrietarako sarbideetan, baimendu gabeko lekuetan aparkatzea saihesteko. Gogorarazten da Urgoiti eta Marabi auzoetara sarrera bizilagunentzat soilik izango dela.

Neurri hauekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak azokara bertaratzen direnen segurtasuna eta ekitaldiaren garapen egokia bermatu nahi ditu. Egunean zehar, trafiko-langileen eta Udaltzaingoaren jarraibideei kasu egitea gomendatzen da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.