2024an 15 enpresek egin dute bat eta dagoeneko 38 enpresek osatzen dute Durangaldean euskara sustatzeko lan egiten duten enpresen komunitatea
DURANGALDEA | Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko erakundeak, enpresak eta Lanbide Heziketako zentroak bildu ditu ostegun honetan Durangoko Elkartegian. Bertan, eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko LANDUE proiektuaren barruan emandako azken urratsak aurkeztu dira. Durangaldeko 15 enpresa berrik proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu dute, horien artean DOT Komunikabideak taldea kudeatzen duen Inmediobai Komunikazio Agentziak. Dagoeneko 38 dira komunitate honetako kideak.
Aipatzekoa da aurten Lanbide Heziketako bi zentrok egin bat Landue proiektuarekin (Ibaizabal ikastola eta Kirolene), eta horiekin lortu da Durangaldeko Lanbide Heziketako zentro guztiak izatea Landue komunitateko kide. Sustatzaileek azpimarratu dutenez, horrek aukera handiak zabaldu ditzake praktikak euskaraz egin ahal izateko.
Durangoko Elkartegian egin zen ekitaldian egon ziren Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidentea, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea. Landue proiektua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Zerbitzua Ahize- AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.
Proiektuaren hiru arduradunek hitza hartu dute sinadura ekitaldia hasi baino lehen. Idoia Otaduyk Landue zerbitzuak eskualdeko elkarbizitzari egiten duen ekarpena goraipatu du: «Euskarari dagokion tokia ematen dio: batzuk, errotulazioa euskaraz jarrita; beste batzuk Lanbide Heziketako ikasleak zuen enpresara hurbiltzen direnean instruktore euskalduna jarrita; beste batzuk, berriz, erabilera bultzatzeko neurriak hartuta…». Gaur goizean euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu duten 15 enpresa berrien ahalegina eskertu du, eta gogoratu aniztasuna dela nagusi Landueko enpresen artean: «Beren ADNan euskara dutenak daude, eta beste batzuk orain hasiko dira lehen pausuak ematen. Baina denek helburu bera dute:Durangaldea gero eta euskaldunagoa izatea».
Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak duen garrantzia nabarmendu du Isaac Amezagak hitzartzean: «Bizkaiko Foru Aldundiak arlo honetan dituen proiektuak laguntzeari ekin dio, lurralde osoan euskarari merezi duen tokia emateko. Baita laneremuan ere. Proiektuon indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da, eta goraipatzekoa da horretarako Durangaldeko Mankomunitatetik egiten ari diren ahalegina». Hain zuzen, erakunde publikoen arteko lankidetza goraipatu du: «Garrantzitsua da erakunde publikoen arteko lankidetza, eskualde bakoitzean eragiteko bitartekoak izatea, eta landa-lana egiten duen enpresaren lana (kasu honetan Ahize-AEK); guztion parte hartzearekin lortu daiteke enpresa bakoitzaren errealitatera egokitu eta euskara sustatzeko ahal dugun ekarpena egitea».
Aitor Aldasorok euskararen zeharlerrokotasunaren garrantzia azpimarratu du bere hitzartzean: «Gobernuaren politiketan euskara zeharlerroko estrategiatzat ulertu behar dugu. Hizkuntza Politika sailak tokian tokiko tresnak eta baliabideak eskainiko ditu euskalduntze prozesuan; makulu edo aholkulari papera jokatuko dugu, eragilea izango gara, baina, egin, norbanakoek eta, kasu honetan, enpresek egin behar dute. Gu ez gara orojakileak. Laguntzaileak gara. Denon artean egin behar dugu euskararen erabilera sozialaren aldeko jauzia. Nitasun orojakile izatetik gutasun lankidetzara eman behar da saltoa. Gobernutik eragin egingo dugu, gizarteari egite horretan ahal den babes eta laguntza guztia emateko. Euskarak denok behar gaitu».
Landue proiektuaren aurtengo nobedade azpimarragarriena izan da eskualdeko Lanbide Heziketako zentro denek bat egin izana. Horrek praktikak euskaraz egin ahal izateko bidea argitu duela azaldu dute sustatzaileek, eta Durangalde mailako erronka hor kokatu dute. Hain zuzen, arlo horretan egindako esperientzia onak partekatzeko mahai ingurua egin dute ekitaldian. Bertan izan dira Joseba Arregi Iurretako Lanbide Heziketako irakaslea; Urko Belastegi Bela Detail enpresako kidea eta ekintzailea; eta Lier Arkarazo Maristetako ikasle ohia. Iurretako zentroko ikasle denek D ereduan egiten dituzte Lanbide Heziketako ikasketak, eta praktiketako ildoa zabaltzen denean euskaldunei euskarazkoak bermatzen saiatzen da Arregi. «Urte hauetan guztietan konturatu naiz bilakaera bat egon dela: enpresa batzuek esaten zuten ez zela posible praktikak euskaraz egitea, baina erakundeen aldetik diru-laguntzak eskaini direnean jarrera aldatu da. Hasieran garrantzirik ez diote ematen, baina ondoren jarrera aldaketa sumatzen da eta instruktore euskalduna jartzen hasten dira, edo errotulazioa aldatzen dute».
Arkarazoren ikasgelan euskarazko praktikak egin nahi ote zituzten galdetu zutenean, bi aldiz pentsatu gabe altxatu zuen eskua. «Ez nekien enpresetan euskaraz egiten zenik ere, kaleko iragarkietan zein enpresa barruetan ere gehienbat erdaraz egiten baita». Durangoko Elkartegian elkartu diren enpresen aurrean eskaera argia egin du Maristetako ikasle ohiak: «Eskatuko nieke euskararen aldeko neurriak hartu ditzatela, ni bezala jende askok uste duelako euskarari garrantzia eman behar zaiola».
Belastegik ere euskarazko praktikak egin zituen, eta gaur egun Arratian Bela Detail enpresa zabaldu du. Ikasketa prozesuan hartu zuen euskararen aldeko kontzientzia, eta ondoren praktikak egin zituenean euskaraz egiteko aukera bermatu zitzaion. «Hor ikusi nuen jendeak zenbat eskertzen duen bere hizkuntzan berba egiten diozunean, harremana askoz ere gertuagokoa da». Orain bailara euskaldun batean zabaldu du negozioa, eta onartu du ezin izan du beste era batera jokatu. «Jendeak euskaraz egitea eskertzen du, are gehiago eremu euskaldun batean».
38 Enpresen komunitatea
2021eko udaberrian sortu zen LANDUE zerbitzua, eta ordutik gaur arte Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko lanean aritu dira Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkulariak. Aldaketa ugari txertatu dituzte ordutik: webguneak itzuli dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamikak egin, lantegietako hizkuntza paisaiak euskaldundu, hizkuntza irizpideak ezarri, Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldia euskaraz izan dadin oinarriak zehaztu… Azken batean bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua ematen baitu Landuek.
Gaurko ekitaldian 15 enpresa berrik egin dute bat proiektuarekin, eta beraz, 2025ean euskararen presentzia areagotzeko lan egingo dute, Landue-k eskaintzen dizkien doako zerbitzuekin. Honako enpresa hauek gehitu dira komunitatera: Ibaizabal Ikastola, Gerediaga elkartea, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur, Eiser, Eixu artisauen elkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa Lantegia, Inmediobai Komunikazio Agentzia eta Kirolene.
Hain zuzen, aurten Landue proiektuarekin bat egin duten bi enpresetako ordezkariek hartu dute hitza, azaltzeko zergatik gehitu diren 38 kideen komunitatera. Mikel Amiano Inforlur enpresako zuzendariak azaldu duenez ia dena euskaraz egiten dute, eta horregatik egin dute bat komunitatearekin: «Gure filosofiarekin bat egiten du, eta Durangaldean euskararen alde ez egitea arraroa izango litzateke guretzat». Azaldu duenez, familia enpresa bat da eurena, eta horregatik egunerokoan euskaraz egitea ez da arrotza eurentzat. «Bezero berrien bila euskaraz jotzen dugu beti; batzuetan ez ditugu euskaldunak topatzen, baina euskaldunak daudenean besteengandik bereizten gara, normalean gu garelako bakarrak euskaraz jotzen dugunak». Hizkuntza balio gehigarri moduan ulertu behar dela esan du.
Ondoan izan du Joseba Onaindia Ona enpresako ordezkaria, eta euren kasuan orain hasi dira euskara lantegian txertatzen. Euskara Batzorde bat osatu dute, eta Landueko aholkularien doako zerbitzuari esker euskararen aldeko ekimenak antolatzen hasi dira. «Gure enpresaren sortzaileentzat euskara beti izan da garrantzitsua, eta hori jakinik bere lekua ematea bide logikoa da».
Landue zerbitzuak urteroko argazkia berritu du gaurkoan. Gaur gaurkoz, honako enpresa hauek osatzen dute Landue komunitatea: Azterlan, Lantegi Batuak, Bruss, Baque, Zornotza LH, Iurreta LH, Maristak, Ibaizabal ikastola, Txirula, Dendak Bai, Durangaldeko Enpresarien Elkartea, Asca, Tabira Berezi, Gure Kide, Bermeosolo, Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, DEK, Hirukobat, Gerediaga elkartea, Begilan, Garaiko landetxea, Saltsan Katering, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur. Eiser, Eixu Artisauen Elkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa, Lantegia, Inmediobai eta Kirolene.