[dotb.eus] Abadiñok asteburuan bideo-kontsolak dituen kamioi bat instalatuko du

Uztaileko programazioan eskalada, freestyle bike erakustaldia eta paintball egongo dira ere

Programazioa datorren asteburuan hasiko da

ABADIÑO.-  Abadiñoko Udaleko Kultura sailak, Gazteria zinegotzigoarekin elkarlanean, herriko gazteei zuzendutako aisialdiko eta denbora libreko hainbat jarduera antolatu ditu uda honetarako. Izan ere, parte-hartze prozesua amaituta, 13 eta 17 urte bitarteko gazteek aisialdirako hainbat proposamen bozkatzeko aukera izan zuten, eta dena prest dago Abadiñotik irten barik modu seguru eta osasungarrian goza dezaten.   

Uztaileko programazioan bideo-jokoak, eskalada, freestyle bike erakustaldia eta paintball egongo dira. Jarduerak hilaren 17an eta 18an hasiko dira, Matienako Traña plazan eta Zelaietako Txanporta plazan, hurrenez hurren. Azken leku horretan bideo-kontsolak dituen kamioi bat instalatuko da, 13 eta 17 urte bitarteko gazteek bideo-jokoekin modu osasuntsu eta seguruan ondo pasa dezaten. Ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da.   

Bestalde, hilaren 21ean, 22an eta 23an eskalada ikastaroa egingo da Matienako rokodromoan, 10 laguneko taldeentzat 9:30etik 13:30era. Guztira, 30 lagunek parte hartu ahal izango dute, beraz, izena aldez aurretik eman beharko da uztailaren 16ra arte, Errota Kultur Etxean edo Udal Mediatekan.  

Azkenik, hilaren 24an, jende guztiarentzat zabalik egongo den Freestyle Bike erakusketa egingo du Funbox Factory taldeak. Ordubeteko bi saio programatu dira –18:00etan eta 20:00etan–, eta sarrera doan izango da. Gonbidapenak aldez aurretik jaso behar dira Errota Kultur Etxean edo Udal Mediatekan. “Helburua, adin tarte horren gustuetara eta nahietara ahalik eta gehien egokituko den aisia eta denbora libre eskaintza zabala eskaintzea da”, azaldu du Argi Abad Kultura eta Gazteria zinegotziak.  

Abadiñoko gazteek gehien bozkatutako jarduera paintballa izan zen; horregatik, hilaren 29rako paintball jardunaldia antolatu da. Jarduera hau 12 eta 17 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Astola futbol zelaian egingo da, bi saiotan, lehenengoa 11:00etatik 14:00etara eta bigarrena 17:00etatik 19:00etara. Izena uztailaren 26a baino lehen eman beharko da Errota Kultur Etxean edo Udal Mediatekan.   

Jarduera horiek Covid 19a dela eta ezarritako segurtasun-neurri guztiak betez egingo dira, izan ere, Abadiñoko Udalak aisialdirako aukera seguru eta erakargarria eskaintzen du herriko gazteentzat.   

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.