[dotb.eus] Asteburu honetan hasiko dira Ondarearen Europako Jardunaldiak Durangaldean

Gerediaga Elkarteak zazpi proposamen prestatu ditu Durangalderako
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko 58 udalerriren lana koordinatzen du

DURANGALDEA.- ‘Ondarea plazara’ da Europako Jardunaldien 19. edizioko leloa. Gerediaga Elkartearen hiru zutabeak Durangaldeko ondarea ikertu, zaindu eta zabaltzea dira. Zabalkundearen haritik, urtero, Bizkaian antolatzen diren Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen du Gerediaga Elkarteak. Durangaldeko udaleren laguntzarekin, hainbat herrietako ekintzak diseinatuz eta koordinatzen dituzte. 2019ko egitarauan zazpi proposamen prestatu dituzte.

Lehenengo ekitaldia datorren urriaren 4an izango da Abadiñoko Gerediaga foru-zelaian. Bertan ‘Sutondotik Gerediagako Plazara! Ipuin irakurketa + kontzertua egongo da. Herrietako kondairak eta ipuinak ahoz-aho kontatu izan dira literaturara eraman aurretik. Bien arteko uztarketa bat eginda, Durangaldeko ipuin eta idazleen irakurketa egingo dute Atxondoko Jesus eta Tere Eguskiza neba-arrebek. Ostean, Mikel Urdangarinen kontzertua izango da, “Margolaria” diskoko doinuak
banda osoaren musikalitatearekin hornituta.

Urriak 4, ostirala, 19:00. (Abadiñoko Gerediagako foru-zelaia)
Babesleak: Bizkaiko Batzar Nagusiak + Abadiñoko Udala
Hizkuntza: Euskara

Hurrengo ekitaldia urriaren 5ean izango da Garain bisita gidatua eta kontzertu batekin ‘Heriotzaren gaineko kultura’ gaiarekin. 70eko hamarkadara arte heriotzaren gainean egon diran sinesmen eta errituak ezagutzeko bisitaldia izango da. Momoitioko San Juan baselizan hasi eta Elizabarrira arte. 4kote ahots zurien kontzertu laburra eta hileta-kultuan erabiltzen ziren objetuen erakusketa txikia.

Urriak 5, larunbata, 19:00 (GARAI)
Babeslea: Garaiko Udala
Hizkuntza: Euskara

Gainontzeko ekitaldiak datorren astetik aurrera ospatuko dira:

URRIAK 12

Kantuz biziz
Hitzaldia + kantu kalejira
Otxandiok tradizio musikal handia duen herria da. Jose Mari Beltran musikologoak musikak gure ohituretan nola sustraituta dagoen azalduko du. Gero, Otxandioko Soinubil taldearen eskutik herriko kantuen kalejira egingo da.

Urriak 12, larunbata, 18:00 (Otxandioko plaza)
Babeslea: Otxandioko Udala
Hizkuntza: Euskara

URRIAK 19

Sendabelarren errituak eta sekretuak
Ibilbide tailerra
Mentxu Amunategik urteko egun jakin batzuetan sendabelarrak biltzeko tradizioaz berba egingo du. Tailer didaktiko eta praktikoan belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohitura erakutsiko du.

Urriak 19, larunbata, 10:30 (gazteleniaz) / 12:30 (Euskaraz)
Izurtzako plaza
Babeslera: Izurtzako Udala

Durangaldeko kontuak
Ipuin-kontaketa eta haur-jokoak
Errose Bustinza eta Kirikiño, Mañariko bi idazle entzutetsure ipuinetatik abiatutako Peru Madalenak 6-8 urtetik gorako gaztetxoei eskainitako ipuin kontaketa egingo du. Ostean, zurezko jolasekin haur parkea izango da.

Urriak 19, larunbata, 16:30 (Mañariako Kultur Etxea)
Babeslea: Mañariko Udala
Hizkuntza: Euskara

URRIAK 26

Pilota jokoa: Zelaietatik Pilotalekura
Erakusketa, erakustaldia eta pilota partidua
Pilota-joko tradizionalera gerturatzeko antolatu dugun jarduera da. Pilota mota ezberdinak ezagutzeko aukera izango da eta bote luzeko partidu bat barrutik ezagutzeko aukera izango da.

Urriak 16, larunbata, 17:00 (Berrizburu frontoia)
Babeslea: Berrizko Udala
Hizkuntza: Euskara

URRIAK 27

Gorulariak, lihoaren dantza

Hitzaldia + dantza erakustaldia
Hitzaldi batek eta dantza emanaldi batek azalduko dute Aro Modernoan Euskal Herrian lihoaren gaineko lanak izan zuen garrantzia. Hitzaldia Jose Antonio Azpiazuk eskainiko du eta dantza erakustaldia Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak egingo du.

Urriak 27, igandea, 12:00 (Ibarretxe Kultur Etxea )
Babeslea: Iurretako Udala
Hizkuntza: Euskara

Ekitaldi guztiak doakoak dira, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa da, ekintza batzuetan leku mugatua izaten delako. Izen ematea:  ejardunaldiak@gmail.com / 673005981. Bulego ordutegia 9:00-13:00 / 15:00-18:00 (astelehenetik ostegunera) eta 8:00- 15:00 (ostiraletan)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.