dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] Berrizek «Arimen Gaua» ospatuko du euskal ohitura zaharrak berreskuratzeko

Helburua euskal ohiturak berreskuratzea da azken urteotan hain arrakastatsua den Halloween fenomenoari helduz.
Larunbatean ospatuko dute Arimen Gaua Berrizen

BERRIZ.- Gaur Berrizko Udalak Arimen gauarako jarduera ezberdinak antolatu ditu Pagotxa Kultura eta Aisialdi elkartearekin batera. Helburua euskal ohiturak berreskuratzea da azken urteotan hain arrakastatsua den Halloween fenomenoari helduz.

Horrela, gaur, 17,15ean LH5 /6 eta DBH-koentzat Kalabaza apainketaren lehiaketa egongo da, saria afari bat izango delarik koadrila irabazlearentzat. Eta 17,15etik 19,30era makillaje eta mozorro tailerra eta jolasak egongo dira Kalabaza Ludotekan. Guztia Olakueta plazan izango da.
Honetaz gain informazioa emango zaie umeek bertako ohiturak ezagutu ditzaten. Informazio orria banatuko da eskolan bai gelan eta baita ere etxean aittitte- amamekin lantzeko.

Gaur egun, inork gutxik ezagutzen du Euskal Herrian orain dela 60-70 urtera arte, gaur egun Halloween gaua moduan ezagutzen den egun ospetsua, ehunka txokotan ere ospatzen zela. Gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan Halloween festak bere gain hartu duen kutsu kontsumistak alde batera utzi ditu Arimen gaua ospatzeko tokian tokiko moduak.

Halloween gaua, jai unibertsala den heinean, jakina da festa hau Urriaren 31ko gauean ospatzen dela. Ildo beretik, askok Ameriketatik datorren festa bat dela uste duten arren, oso garrantzitsua da jakitea, Halloween gauak Irlandako tradizio zeltan duela jatorria. Lehen esan bezala, Urriaren 31ko gauean Irlandar zeltek “Samhain” gaua ospatzen zuten eta honekin udari amaiera ematen zioten. Zeltek, ospakizun honekin amaitutzat ematen zuten uzta garaia eta neguari ongi etorria ematen zioten. Ez hori bakarrik, gaua hildako arbasoak omentzeko eta haien espirituak festara gonbidatzeko ere egiten zuten festa hau. Aldi berean, espiritu gaiztoak uxatzeko mozorroak eta maskarak janzten zituzten.

Halloween hitzaren jatorria ezagutzeko XVI. Mendeko Eskoziara joan beharra daukagu. Hitzak eskoziar jatorria du eta ingelesezko “All Hallows Even” hitzetatik dator. Azken esaldi honek santu guztien gauari egiten dio erreferentzia.
Gainera, XVI. mendean Irlanda eta Eskoziako herritar askok Amerikako Estatu Batuetara joan behar izan zuten bizimodu hobe baten bila eta festa haiekin eraman zuten. Horren ondorioz, 1840. urtean “Halloween” izeneko festa lehenengo aldiz ospatu zuten Estatu Batuetan eta pixkanaka- pixkanaka tokian tokiko kutsua hartzen joan zen. Fenomeno sozial eta kultural honekin batera festa berriro ere Europa osoan zehar zabaltzen hasi zen eta Euskal Herria ez zen fenomeno horretatik at geratu.

Euskal Herrian ere aspaldikoa da Arimen Gaua ospatzeko ohitura, baina, egiari zor, ez dago data zehatzik ospatzen hasi zen momentuaren inguruan. Europan sortutako jaiak hasierako bi ezaugarri mantentzen zituen Euskal Herrian ere: kalabazak eta mozorroturik eskean ateratzea. Neurri batean, galdu egin da baratzetik edo dendatik kalabazak hartu edo erosteko ohitura eta etxeko trapuekin egindako mozorroak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime