[dotb.eus] Berrizek bere euskara eta aspaldiko ogibideak ezagutzera emango ditu

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren inguruan Berrizko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu
Berrizko aspaldiko ogibideen informazioa biltzen du “Aspaldiko ogibideak” egitasmoak

BERRIZ.- Aurten ere Berrizko Udalaren euskara sailak ekitaldi ezberdinak antolatu ditu abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta  aurtengo Euskaraldiaren 2. edizioaren harira. Kultur egitarauarekin batera Berrizko historia eta euskara ezagutzea helburu duen “Aspaldiko ogibideak” egitasmoa jarri du martxan.

“Aspaldiko ogibideak ” Berrizko aspaldiko ogibideen idatzizko eta ahozko deskribapenari buruzko informazioa biltzen duen unitate didaktiko bat da. Eskola, institutu eta euskaltegian banatu da eta hiztun bakoitzaren ondoan klikatu eta bere berbak entzuteko aukera dago; horrela Berrizko euskera ezagutu eta praktikatu dezakete.

Hau bigarren unitate bat da martxoan eta apirilaren bitartean martxan jarritako “Antxinako jolasak” unitate didaktikoaren ondoren. Udalak jasotako ahozko ondarea gazteengana hurbiltzeko modu bat da. Adinekoen berbekin, herriko ohiturak, pasadizoak, ogibideak ezagutu eta bide batez, Berrizko euskeran entzunez.

Kultur egitarau berezia

Bestalde, hurrengo asteetan kultur egitarau berezia antolatu dituzte Euskararen Egunaren inguruan.

Lehenengo ekitaldia asteburu honetan izango da. Horrela, azaroaren 29an, 12:30ean, Bertso Saio tematikoa izango da, “…nahi dugu HITZ eta JOLAS” izenekoa, Garaiko Iruri Altzerreka, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Sustrai Colina bertsolariekin.

Jarduerek abenduaren 2tik aurrera jarraituko dute ‘Alos Quartet’ taldearen musika emanaldiarekin. Abenduaren 3an Unai Ormaetxeak eta Alex Txikonek “Mundu bat motxilan” lana aurkeztuko dute eta “Berriz Prest” lehiaketako sariak banatuko dituzte. Abenduaren 4tik 6ra bitartean, kultur programazioak “Sagutxu tuntuna” antzezlana eta “Erlauntxa” filma eskainiko ditu.

Jarduera guztiak Berrizko Kultur Etxean egingo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.