Natura eta ahozko ondarea lotzen dituen egutegia Durangoko Azokako online dendan egongo da salgai

BERRIZ.- Umerri eskola aktibotik, 2021erako egutegi berezia argitaratu dute, izan ere, itxura batean egutegi soila bada ere, bertako natur eta ahozko ondarea ezagutarazteko helburuarekin burutu da.
“Gure ume eta gazteetako askok naturarekin duten kontaktua gero eta txikiagoa denez, sarri gertatzen da ez dituztela etxetik pauso batera ditugun animaliak ezagutzen, eta are gutxiago beraien herrian edo auzoan espezie horretako bakoitzari ematen zitzaion izena” azaldu dute arduradunek.
Hori dela eta, egutegi honetan, galtzen ari diren bi ondare horiek batu nahi izan dituzte, etxeetara eramateko formatu erraz batean jasoz, horrela hilez hile espezie bat eta bere bertoko izena ezagutzeko aukera izango da, berari buruzko esaera zahar, kantu edo sinismenekin batera.
Umerri eskola aktiboko arduradunek adierazi dutenez “egutegi hau hazitxo bat izatea nahi genuke, eta 2021ean zehar aho askotatik entzutea “ba gure etxean halan esaten zan!” edo “Mallabian/Ixorretan/Elorrixon beste era honetan esaten da!” eta aurten ereiten dugun hazi hori astiro astiro zuhaitz eder bihurtzea, norberak bere inguruko izenak gogora ekarriz eta gazteekin partekatuz”.
Egutegi honetarako 13 animalia bakarrik aukeratu ahal izan badituzte ere, eskuratutako izen kopurua askoz zabalagoa da, eta eskerrak eman nahi dizkiete lan horretan lagundu dieten berriztarrei, beraiek gabe lan hau ez baitzen posible izango.
Egutegi honek Berrizko udalaren laguntza jaso du udalak urtero argitaratzen duen euskarazko kultur ekoizpen dirulaguntzaren barnean, eta eskuratu nahi duenak Durangoko azokako web orrian izango du aukera, ostiral honetatik aurrera, eta baita Umerrirekin zuzenean kontaktuan jarriz ere.