[dotb.eus] Bihar ospatuko da XII. Durangoko Duatloia bi zatitan banatuta

Goizez umeek hartuko dute parte eta arratsaldean nagusiek
Iaz hainbat gaztek hartu zuten parte lasterketan

DOT KIROLAK.- Datorren apirilaren 7an Durangoko XII. Duatloia ospatuko da aurten bi ekitaldietan banatuta. Umeak goizez arituko dira eta nagusiak arratsaldez.

Goizeko ekitaldia 11,30ean hasiko da, bertan 0 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteekin. Adinaren ibilbide ezberdinak emango dituzte. Korrikarako ibilbidea, Ezkurdin hasi eta San Agustinen bide gorria hartzen du berriz ere Herriko Gudarien kaletik Ezkudira bueltatzeko. Bizikleta ibilbidea, Ezkurditik aterata eta Askatasun etorbidean barna, Herria elkarte ingururaino eta buelta luzatuko da. “Iaz, ume eta nagusien duatloia jarraian egin zen eta umeen duatloia oharkabean pasatzen zen. Aurten, umeena goizetik eta nagusiena arratsaldez egitea erabaki dugu, umeena patxada handiagoarekin antolatu eta burutzeko asmoa dugu. Umeen duatloiari ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu” adierazi dute antolatzaileek.

Umeen ibilbidean beste nobedade txiki bat dago, iaz lasterrean Ezkurditik atera eta San Agustin kalean gora eta behera egiten zen “aurten, San Agustin pasata, eskuinera egin eta bidegorria hartuko dugu (Bruno Maurizio Zabala) eta Herriko Gudarien kalean behera berriz ere Ezkurdin sartu” azaldu dute.

Eta arratsaldez nagusien proba izango da. Emakumezkoen irteera 16:15ean izango da eta gizonezkoena, 16:30ean. Idazkaritza, trantsizio eta material kontrolaren guneak 14:15ean ireki eta 15:45ean itxiko dira.

Ibilbideari dagokionez Sprint luzerako duatloia izanik, 5 kilometrotako korrikaldiarekin emango zaio hasiera probari. 2 kilometro eta erdiko zirkuituari buelta bi eman beharko zaizkio. 5 kilometroak burutu ondoren, bizikleta hartu eta Garai aldera egin beharko dute kirolariek. 20 kilometrotako bidea eginez. Bizikletak utzitakoan, bigarren lasterraldiari ekingo zaio, oraingoan, buelta bakarra eman beharko zaio korrikarako zirkuituari osatu beharreko 2.5 kilometroak egiteko.

Lasterketa sailkapenaren araberako sariak 250€ eta txapela izango dira absolutuen lehenengoentzat, 150 € bigarrenentzat eta 100 € hirugarrenentzat. Nagusien lasterketan ere nobedade bat dago “sari berri bat sortu dugu “mendiko saria”. Bizikleta ibilbidearen zati batean denborarik onena egiten duenari emango zaio Iurretako futbol zelaitik Oiz mendirako bidea hartzen den tontorrerainoko tartea denbora gutxien egiten duenarentzat.

“Memorial Gorka Uribeetxeberria” garaikurra egunean bertan erabaki eta eskainiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.