Programazioa goizeko hamaiketan hasiko da kalejira batekin

ZALDIBAR.- Bihar hirugarren urtez Kultura Aniztasunaren Jaia ospatuko da Zaldibarren. Eguerdian kalejira batek emango dio hasiera jaiari, gero herrialde desberdinetako janari dastaketa eta bazkaria izango da. Arratsaldeko lauretan jaialdia hasiko da eta beste kalejira batekin bukatuko da. Jaiarekin jarraitu nahi duenak, zazpietatik aurrera DJ Alexisekin Gaztetxean jarrai dezake.
Zaldibarko Jendeak Taldeak Udaletxearen laguntzarekin urtero antolatzen du jaia; taldearen partaideak jatorri eta kultura anitzen zaldibartarrak gara, gehienak emakumezkoak gainera, eta aniztasun hori da, balore gisa , defendatu eta agerian utzi nahi duguna.
Europa osoan, eta gure gizartean ere, zabaltzen ari den arrazakeria eta xenofobia kezka handiz ikusten dugu eta horregatik urtean zehar ere hainbat ekitaldi antolatu ditugu : antzezlana, arrazakeriaren kontrako kontzentrazioa, herriko jaietako hainbat ekitaldi antolatu edo parte hartu etab.
Guretzat herritarren arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasunari balio ematea da arrazakeriari aurre egiteko bide onena. Jaian parte hartzeko zaldibartar orori gonbidatzen diogu.