[dotb.eus] DA! PRO, musikari eta programatzaileen arteko topagunea Durangoko Azokan

Bigarren urtez Gerediaga elkarteak eta Musika Bulegoak DA PRO! ekimena antolatuko dute, musikari eta programatzaileak harremanetan ipintzeko helburuarekin
Durangoko Azoka abenduraren 4tik 8ra izango da

DURANGO.- Edizio berezia izango du aurten Durangoko Azokak. Abenduaren 4tik 8ra denda birtuala izango du lehen aldiz, eta zuzeneko egitaraua izango du, Landako Gunean eta Plateruenan. Berritasunez jositako edizioa izango da, beraz.

Aurten Azokako guneak eta egitaraua erabat aldatuko diren arren,  badira bere horretan mantenduko diren ekitaldi eta proiektuak ere Horren adibide da iaz lehenengo aldiz antolatu zen DA! PRO egitasmoa, musikari eta programatzaileen arteko topagunea. Edizio honetan ere Azokako lehenengo egunean ospatuko da, abenduaren 4an, baina leku ezberdin batean, Durangoko San Agustin Kulturgunean, hain zuzen ere. Goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, bertan batuko dira Euskal Herriko musikariak programatzaile eta musika industriako kideekin batera.

Musika Bulegoarekin elkarlanean, ekimen honek helburu bikoitza izango du. Alde batetik, euskaraz musika sortzen duten musikariek euren proiektuak Euskal Herriko programatzaileei aurkezteko aukera izango dute. Bestetik, programatzaileek (areto pribatu zein publikoetako kudeatzaileak, jaialdietako antolatzaileak, udal teknikariak…) bertatik bertara musika sektoreko sortzaileak ezagutu eta proposamenak jaso ahal izango dituzte.

Musika talde eta bakarlariek 10 minutuko aurkezpenak egiteko aukera izango dute, doan, nahi duten formatuan (aurrez aurreko emanaldiak egiteko set-a egongo da). Aurkezpenak euskaraz izango dira.

Izena emateko epea azaroaren 13ra arte egongo da zabalik. Musikariek www.durangokoazoka.eus  webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute. Programatzaileek, ostera, Musika Bulegoaren bidez eman beharko dute izena, ruth@musikabulegoa.eus e-posta helbidean edo 688 84 31 19 zenbakian. Zalantzak argitzeko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi daiteke.

Iaz 17 musika-taldek parte hartu zuten DA! PRO egitasmoaren lehenengo edizioan, eta bai antolakuntzak zein parte-hartzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin zuten, hainbat kontratazio aukera sortu zirelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.