[dotb.eus] “Denonak, anitzak, parte-hartzaileak eta herrikoiak diren jaiak” antolatu ditu Durangoko Txosna Batzordeak

Neurri ezberdinak hartu dituzte lehenengoz auzotarren elkarbizitzaren alde

 

Durangoko 14 elkartek osatzen dute Txosnen Batzordea

DURANGO.- Durangoko Txosna Batzordeak bere egitaraua aurkeztu du “denonak, anitzak, parte-hartzaileak eta herrikoia” izateko asmoarekin.

Txosnen elkartea Durangoko 14 elkartek osatzen dute. Urte osoan eskaintza kultural eta soziala eskaintzen diote herriari, eta txosnak ere lan horren baitan kokatzen dituzte.

Adierazi dutenez “Durangoko txosna batzordekook gogor egin dugu lan urte guztian aurtengoak ere denontzako jairik onenak izan daitezen”.

Aurten, Kurutziaga kalean jarriko dira txosnak, eta honen inguruan sortutako polemikaren aurrean Durangoko Txosna Batzordeak argitu nahi izan du “herriari jai eredu alternatibo bat eskaintzeko prest gaude. Auzotarren hobebeharrez eta elkarbizitzaren alde, hainbat neurri hartu ditugu lehenengoz: besteak beste, kontzertuen hasiera ordua aurreratu dugu, komun eta beira kontenedore gehiago jarriko dira txosnagunean, eta jaiek iraun bitartean anbulantzia bat egongo da txosnagunetik gertu”.

Bizikidetza eta gozamena ditu helburu Durangoko txosnaguneak. “Bi bafletatik ateratzen den soinua baino askoz gehiago dira txosnak; urteko plangintza, ehundaka pertsonen urte osoko lana, hobekuntzarako jarrera etengabea, balioetan hazten jarraitzeko konpromisoen lanketa… Herriaren bizitzan eta herriaren etorkizunean sinisten duten 14 elkartetako ehundaka pertsona konprometituk osatzen dugu txosna batzordea. Elkartasunez eta borondatez egiten dugu lan, bai jaietan eta baita urte osoan garatzen ditugun proiektuetan ere” azaldu dute.

Egitarauaren aldetik, erreka jaitsiera, paella eta tortilla lehiaketa, oilasko erre dastaketa, kontzertuak, umeentzako puzgarri eta tailerrak antolatu dituzte “herritarrek modu aktiboan gozatu eta parte hartzeko helburuarekin prestatu dugu gure aurtengo egitaraua. Jaiei urriaren 11n emango diegu hasiera, eta aurtengo txosnetako jaietako txupinazoa dispertsioaren aurkako taldeak jaurtiko du taldearen urteurrena aitzakia hartuta”.

Bestalde, iaz egin zuten bezala, aurten ere, txosnagune inklusibo baten alde jarraitu dute lanean eta barrak egokitzeko apustua egingo dute. Beraz, “edonor barrara askatasunez eta era erosoan hurbiltzeko legez jarriko ditugu beste urtebetez, guztiok guztionak diren jaietan parte hartzeko aukera berdinak izan ditzagun” adierazi dute.

Eraso sexisten aurka

Eraso sexisten aurka ere azaldu da Durangoko Txosna Batzordea “esan beharrik ez dago Durangoko txosnagunea edozelako eraso sexisten aurka gogor arituko dela aurtengoan ere. Horretarako, barne lanketa bat egiteaz gain, iazko legez, brigada feministen presentzia izango da jaietan. Eremu librea eta anitza da txosnagunea, eta hori bermatzeko gogor egingo dugu lan jaiek iraun bitartean ere. Jai euskaldun, parekide, libre eta gozamenez beteak opa dizkizuegu denoi”.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *