[dotb.eus] Durangoko Udala ume eta gaztetxoekin bildu da beren ekarpenak jasotzeko

Umeen Kontseiluan LHko 12 haurrek parte hartu dute, Ikastetxe bakoitzeko bina ordezkarik, hain zuzen
Batzarrak aste honetan burutu dira

DURANGO.- Durangoko Udalak Umeen Kontseiluak eta Gaztetxoen parte hartze prozesuen itxierak ospatu ditu aste honetan, ikasleek azken hilabetetan eginiko lana udal ordezkariei helarazi asmoz. Bilera horietan, ikasle ordezkariek herriarekiko beren hutsuneak eta gabeziak helarazi dizkiete eta beraien proposamenak luzatu dizkiete Udal ordezkariei.

Bi talde horiek urte hasieran eratu zituen Udalak Eskola Kontseiluaren bitartez, haurren eta gaztetxoen ikuspuntuak txertatzeko asmoz: “Beste arlo batzuetan bezala, herriko sektore ezberdinen iritzia ezagutu nahi izan dugu prozesu hauen bitartez. Haur eta gaztetxoen ikuspuntuak berebiziko garrantzia dauka guretzat, populazioaren zati oso garrantzitsu bat baitira. Argi daukagu foro hauek ez direla ezerezean geratuko eta prozesu hauetatik jasotako ekarpenak oso aintzat hartuko ditugula”, adierazi dute bileretan parte hartu duten Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Umeen Kontseiluan Lehen Hezkuntzako 12 haurrek parte hartu dute, Durangoko Lehen Hezkuntzako Ikastetxe bakoitzeko 5. eta 6. mailako bina ordezkarik, hain zuzen. Parte hartze prozesuan beraien bizitzako eremu desberdinetan (kirolean, aisialdian…) dituzten baliabideak eta hutsuneak identifikatu dituzte; indarguneak eta ahuleziak, alegia.

40 gazteren partehartzea

Gazteen parte hartze prozesuan DBHko 3. eta 4. mailako zein Oinarrizko Lanbide Heziketako 40 gaztek parte hartu dute. Elkarrekin egindako prozesuan identifikatutako beharrak eta nahiak Durangoko Udalak martxan duen Aurrekontu Partehartzaileen prozesuan txertatzeko aukera landu dute.

Ekainaren 20an, igandean, udaleko ordezkariekin egindako bileran Julian Riosek eta Iker Urkizak, alkateorde eta Antolakuntza arloko arduradunak, hurrenez hurren, Aurrekontu Partehartzaileen prozesua azaldu zizkieten bertaratutako 30 ikasleei. AIpatutako udal ordezkarien esanetan, “gazteen parte hartze prozesu honen bidez etorkizuneko Gazte Kontseiluaren oinarriak jarri nahi ditugu. Udal baten barne funtzionamendua azaldu nahi izan diegu, uler dezaten nola egiten den erakunde publiko batean. Horrez gain, eta guretzat garrantzitsuena dena, herritar bezala Udalaren egunerokotasunean eragiteko dituzten baliabideak eta tresnak azaldu nahi izan dizkiegu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.