[dotb.eus] EH Bildu kezkatuta Mankomunitateko Gaueko Harrera Zerbitzua dela eta

  • 8
    Shares
Aterpea indartzeko zerbitzua informaziorik eman gabe itxi izana salatu dute eta kudeatzeko lizitazio berrian hutsik geratzearen inguruan ere kezka azaldu dute

Aterpe moduan ezaguna den Gaueko Harrera Zerbitzuaren etorkizunagatik ere kezka azaldu du EH Bilduk

DURANGALDEA.- EH Bilduk informatu duenez, Covid-19aren krisiaren ondorioz zabaldutako Gaueko Harrera Zerbitzu berezia itxi egin du Mankomunitateak, nahiz eta oraindik alarma egoera indarrean egon. Azaldu dutenez erabakia zerbitzua erabiltzen duten pertsonei eta Mankomunitateko udalei informatu barik egin da, eta pertsona batzuk kalean lo egin behar izan dute zerbitzua itxi eta hurrengo egunetan.

Aterpe zerbitzu honen erabiltzaileak egoera zaurgarrienean dauden pertsonak direla kontutan hartuta, EH Bilduren ustez larria da gai honen inguruan dagoen gardentasun falta. Mankomunitateko ordezkariek eta zerbitzuan parte hartzen duten udalek ez dute beraien eskumenekoa den zerbitzu baten aldaketen inguruko inolako informaziorik izan. Mankomunitateko EAJ eta Abadiñoko Independenteek osatutako gobernu taldearen jokabidea ere kritikatzen du EH Bilduk “errefortzua egin zenean foku mediatiko guztia jarri zen, eta hori ondo dago, baina itxiera isil-isilean eta ezkutuan egin da, eta azalpenik eman gabe.

Hor ere informazioa eman beharko litzateke”. Bestalde, aterpe moduan ezaguna den Gaueko Harrera Zerbitzuaren etorkizunagatik ere kezka azaldu du EH Bilduk. Pasadan legegintzaldiko lanari esker, neguko zerbitzua zena urte osoko zerbitzu izatera igaro zen.

Mankomunitatearen lidergoarekin, bertako gizarte zerbitzuetako herriei zuzenduta egotetik Durangaldeko zein Lea-Artibaiko 26 herri batzen zituen zerbitzua izatera pasatu zen 2018ko otsailean. EH Bilduk “funtsezkotzat” jotzen du zerbitzua eta horregatik kezka azaldu dute “kontratua berrizteko prozesuan inor ez dela aurkeztu jakin dugulako. Ez dakigu zein izango den orain arte egonkortuta egon den oinarrizko zerbitzu honen bilakaera”.

Mankomunitearen erantzuna

Durangaldeko Mankomunitateak, bere aldetik, hainbat puntu argitu nahi izan ditu:

• Gurutze Gorriarekin lankidetzan, zerbitzua salbuespenezko egoera bati erantzuteko jarri zela martxan, baina eskaera alarma-egoera deklaratu baino lehenagoko mailetan egonkortu denez, baliabideak egokitu dituzte eta zerbitzua instalazio iraunkorrean zentralizatu da; bertan 5 plaza daude, eta horietako bat okupatuta dago gaur egun.

• Mankomunitateko gizarte-zerbitzuek asteak daramatzate pertsona bakoitzarekin lan indibidualizatua egiten, kasu bakoitzari irtenbidea emateko eta babesgabetasun-egoerak saihesteko, aterpetxeek aldi baterako harrera eskaintzen baitute. Prozesu honetan, arlo horretan eskumena duten gainerako administrazioen irizpideei jarraituz jarduten ari gara.

• Durangaldeko Mankomunitateak unean-unean ematen du informazio-batzordeetan ematen dituen zerbitzuekin zerikusia duten kudeaketa guztien berri; zehazki, gai horiek jorratzen dituen Herritartasun Batzordea ekainaren 10ean egin zen, eta han eman zen horren berri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.