dotb.eus | Elorrioko eskolaren ingurua seguruagoa da orain

Bidea eraberritu eta autoen erabilera arautu da

eskola_obrak-1

ELORRIO.- Elorrioko Udalak herriko ikastetxe ingurua atondu du eta ikastetxerainoko irisgarritasuna zein umeen segurtasuna hobetu egin da

Gurasoen eta ikastetxeko zuzendaritzaren aspaldiko eskaerei men eginez, Elorrioko Udalak haurreskolatik eskola eraikinera dagoen bidea eraberritu du. Izan ere, iraganean arazoak sortu izan dira ikastetxera autoetan zihoazen gurasoen eta ikasleen artean. Horretarako, ikastetxe inguruan dagoen aparkalekuaren eremu bat oinezkoentzako soilik mugatuko da aurrerantzean, hain zuzen haurreskolatik ikastetxera bidean dagoena. Gainera, orain arte ikastetxearen albo batean erabiltzen ez zen ate bat erabilgarri jarriko da. Modu horretan, nahi izanez gero, umeek ez dute zertan autoen artean igaro beharko, istripuren bat izateko arriskua nabarmen jaitsiz.

Autoen erabilerari dagokionez ere, irtenbide bat eman die Udalak. Izan ere, joan den ikasturtera arte hainbat debeku ezarri ziren. Esaterako, 9:15etik 9:45era eta 15:45etik 16:15era bitartean ezin zen autorik inguratu aparkalekura, ikastetxetik irteten ziren umeen segurtasuna bermatzeko.

“71.000 euroko aurrekontua izan dute obrek, eta aurrez aipatuko guztiaz gain, beste hobekuntza batzuk egin ditugu. Haurreskolako atzeko aldetik ate bat ireki dugu seme-alabak bi zentroetan dituzten gurasoei lana erraztu eta bi zentroak hobeto komunikatzeko. Horrela, ez dute itzuli guztia eman beharko. Bidebatez, alboan dagoen Musika Eskolak aspalditik zituen hezetasun arazoak konpondu dira”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Ikasleen Guraso Elkartea, pozik
“Udalak joan den ekainean aurreratu zuen hezkuntza komunitatean eskola eta musika eskolaren arteko urbanizazio lanak egiteko asmoa zuela. Bide batez, proiektuaren iradokizunak jaso zituen, eta baita epea finkatu ere: irailean ikasturte berrirako lanak bukatuta izango zirela hitz eman zuen”, azadu du Ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkarteak (IGE).

Horrez gain, IGE pozik agertu da eginiko hobekuntzekin: “Urte dexente dira eskola inguruak urbanizatzeko premia zeukala, eta egindako lana eskertzekoa da. Lan bikaina egin du udalak eskolako bidearen irisgarritasun aldetik, izan ere, musika eskola, haurreskola eta ‘goiko eskola’ orain askozaz txukunago eta seguruago daude. Falta diren hobekuntzak apurka-apurka egitea ere espero dugu eta udalakin jarraitzea harremanetan”.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.