[dotb.eus] Elorrion ospatuko du Ernaik Durangaldeko Bulkada Eguna

Martxoaren 23an Durangaldera helduko da Bulkada Berrien Garaia Da dinamika
Pasadan larunbatean Elorrion egindako irakurketan

DURANGALDEA.- Irailean aurkezturiko Bulkada Berrien Garaia Da dinamika Durangaldera heldu da Ernairen eskutik eta datorren martxoaren 23an ospatuko da Elorrion, horrela adierazi zuten joan zen larunbatean egindako irakurketan Durangaldeko Ernairen kideek.

Bertan azaldu zutenez “herriz herri harremanak egin ditugu gazte antolakundeko kide ohiekin, eta herrietako gazte antolakuntza eta borrokaren historia eta istorioak jaso ditugu hainbat liburutan. Horrez gain, bazkari eta afariak egin ditugu belaunaldi ezberdinetako gazteekin, esperientziak konpartitu eta harremanak estutzeko helburuz”.

Aurten beteko dira 40 urte Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik, “eta orduz geroztik hamarkada luzeetako antolakuntza eta borroka eraman dugu aurrera belaunaldi ezberdinok. Gaurtik aurrera, eta ikasturte amaierara arte ere, beste hainbat ekimen egingo ditugu: asko garelako Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoaren aldeko borrokarako prest gauden Bulkada berriak” azpimarratu zuten.

Hau dela eta, apirilean Gazte Topagune erraldoia antolatuko dute, baina “hori baino lehenago Durangaldeko gazteok zita garrantzitsua dugu, martxoaren 23an Elorrion egingo dugun Durangaldeko Bulkada eguna. “Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!”, Elorrioko Gazte Topaguneko leloa egiten dugu gure; oraingoan Durangaldeko gazteon topaleku izateko. Bertan, Durangaldeko herri guztietako bulkada berriak batu nahi ditugu, baita urte luzez gazte borrokari bultzada eman diozuen belaunaldi ezberdinetako kideak ere”.

2002ko Gazte Topagunean Euskal Herriko osoko milaka gaztek egin zuten moduan, martxoaren 23an Elorrion batzeko aukera izango dute Durangaldeko gazteek, “eta baita ez hain gazteak ere. Plaza honetan bertan egingo ditugu jarduera gehienak; horrela, Bulkada egunerako egitarau zabala eta gaueko eskaintza indartsua osatu dugu. Bestetik; eskualdeko gazte sortzaileak batzeko espazioa ere izatea nahi dugu; gazte sortzaileen lana ikusarazi eta plazara ateratzeko xedez”.

Horrez gain, bazkaria eta ekitaldia ere egingo dituzte eta bertan Ezker Abertzaleko komunitatea batzeaz gain, asmoa gazte bulkada berriez betetzea da asmoa. Bukatzeko gazteriari gonbidapena luzatu zute Ernaitik “Durangaldean antolakuntza eta borrokarako prest gauden gazteon bilgunea izango da martxoaren 23an Elorrioko plaza. Eta azkenik, Durangaldeko gazteriari egun osoko egitarauan parte hartzeko dei egiten diogu. Eskualdeko gazteon harremana estutu eta gazte borrokari bultzada bat emateko helburuz. Martxoaren 23an Durangaldeko Bulkada egunean ikusiko dugu elkar! Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!”.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.