[dotb.eus] Euskal Literaturaren ikerketa sustatzen duen ‘Santiago Onaindia Beka’ bi aurkeztu dira

XV. eta XVI. edizioen lanak aurkeztu dira gaur goizean Amorebieta-Etxanon
Lanen egileak bertan egon dira. ARGAZKIA: dotb.eus

AMOREBIETA-ETXANO.- Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren XV. eta XVI. edizioko irabazleak aurkeztuko ditu gaur goizean.

Alde batetik Xabier Hernandez Llonari eman zaio XVI. edizioaren saria “Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan” izenburua duen proiektuarengatik. Santiago Onaindia beka Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametx erakunde autonomoaren bidez urte birik behin ematen duen beka bat da. Beka honek Labayru Institutuaren laguntza jasotzen du. Bekaren helburua euskal literaturaren alorrean ikerketa sustatzea da, eta bidez batez, Santiago Onaindia euskal idazleari omenaldi bat egitea. Beka 12.000 eurokoa da.

Proiektua 2021eko udaberrirako amaituta egon beharko da, eta moldatu ondoren, Labayru Institutuak argitaratuko du Aita Santi Onaindia Beka bildumaren barruan. XVI. edizio honetan bost proiektu aurkeztu dira. Lan hauek epaimahai batek aztertu ditu, hain zuzen ere Ametx erakunde autonomoko presidenteak eta euskal literaturaren alorreko hiru adituk. “Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan”. Xabier Hernandez Llonak aurkeztutako proiektu honen bokazioa literaturaren didaktikan diharduten eragile desberdinen artean adostutako bidea zedarritzea litzateke, etorkizunean literaturak gaztearen garapen emozional-afektibo zein kognitiboan modu positiboan eragiteko.

Saritutako lana argitaratzea

Bestalde, beka honen XV. edizioko irabazleen, Lourdes Otaegi eta Garazi Otsagabia, liburuaren argitalpena ere aurkeztu da. Liburuaren izenburua “BESTE GERRAKO KRONIKAK. Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan” da, eta Labayru Fundazioak argitaratu du. Egileek lan honetan arreta berezia eman diote Saizarbitoriaren eleberrietan pertsonaia maskulino eta femeninoen arteko harremanetan iradokitzen diren mezuen zentzuari. “Orain arte liburua aztertzerakoan Memoria Historikoan duen garrantzia azpimarratzen da baina ez da hitz egiten emakumeenganako dagoen ‘gerra’ hori, nahiz eta Saizarbitoriak liburua aurkezterakoan bai adierazi bere helburua protagonistaren ‘matxismoa’ eta izakera zakarra erakutsi nahi zuela”, azpimarratu du Lourdes Otaegik, lanaren egiletariko bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.