Jardunaldiaren helburua Durangoko euskalgintzaren jardunari buruz eztabaidatzea da

DURANGO.- Bihar, ekainak 8, ‘Euskararen aldeko indarrak biderkatuz’ jardunaldia ospatuko du GUKA egitasmoa. Goizeko 10.00etan izango da Pinondon eta horretarako Durangoko herritar zein eragile guztiak gogoeta honetan parte-hartzera deialdia luzatu dute.
Jardunaldiaren helburua Durangoko euskalgintzaren jardunari buruz eztabaidatzea da, “nondik gatozen ikusi eta aurrera begirako erronkak identifikatuz. Zehaztasunetara joanda, zein aliantza sortu behar diren eta zein dinamika parte-hartzaile ipini behar diren martxan eztabaidatuko dugu. Honetarako garrantzitsua da euskalgintza munduan antolatutako kideez gain Durangoko herritar euskaltzaleak bertaratzea, ahalik eta iritzi gehien jasotzeko” azaltzen dute antolatzaileek.
Gogoeta saioaren hasieran, Jon Sarasuak Euskal Herriko euskalgintzaren ibilbideari, egoerari eta egungo erronkei buruz berba egingo du.