[dotb.eus] Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu dira Abadiñon

Abenduaren 29tik 3ra bitartean izango dira jarduerak
Gaur solasaldi musikalizatua egongo da Errota Kultur Etxean

ABADIÑO.- Abadiñok Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko du abenduaren 29tik 3ra bitartean, herritar guztiak euskararen sustapenean inplikatu nahi dituzten ekitaldi soziokulturalen egitarau batekin, Mikel Garaizabal alkate eta Euskara arloko zinegotziak azaldu dutenez.

Nahiz eta Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izan, egitaraua bera hilaren 29an hasiko da, Udalak eta herriko hiru Ikasle Guraso Elkarteek, Katalamixon Aisialdi Elkarteak eta Astola Igeriketa Taldeak elkarlanean antolatuta. Egun horretan, “Euskaraz Bizi” postal lehiaketako sariak banatuko dira Errota Kultur Etxean eta erakusketa bat egingo da aurkeztutako lanekin. Horrez gain, 20:00etan, “Margolaria” dokumentala emango da, eta ondoren solasaldi musikalizatu bat eskainiko da Oier Aranzabal filmaren zuzendariarekin eta Mikel Urdangarin abeslari eta dokumentalaren protagonistarekin.

Hilaren 30ean, 16:30ean, “Merindadeko Batzarra” antzeztuko dute Gerediagako San Salbador ermitan Abadiñoko Institutuko ikasleek. 19:00etan, Behibiz Antzerki Taldeak Murren Bidaia muntaia taularatuko du Errota Kultur Etxean. Errotan eta Mediatekan ekitaldi horretarako gonbite bi banatuko dira eskatzaile bakoitzeko.

Hilaren 1ean, kale antzerkia izango da Zelaietako kaleetan, San Trokaz elizatik abiatuta, Pez Limbo taldeak “Tripaki saltsa”, “Oilo ama” eta “Boxers” obrak antzeztuko dituelarik. Lehenengo saioa 11:00etan izango da, eta, eskaria egonez gero, bigarren bat eskainiko da 12:30ean. Ikuskizun horretarako ere gonbiteak banatuko dira (pertsona bakoitzeko bi) Errotan eta Mediatekan.

Probalekuan, 14:30ean, ohiko herri bazkaria egingo da “maleta siku” erara. Txartelak Mediatekan eta Errotan erosi ahal izango dira. Ondoren, bingo musikala egongo da, eta 17:30ean “Herri Kirolak”; ondoren, txokolatada eta bizkotxoa institutuko ikasleek eskainita.

Hilaren 3ko ekitaldien artean nabarmentzekoa da Abadiñoko Institutuko “Bat-bateko” bertsolaritza taldeko kideen hitzaldia Matienako frontoian, 16:45ean. Egun berean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, konpainiak “Totoro basoa eta jolasak” ikuskizuna eskainiko du, eta, amaitzeko, Matiena Herri Eskolako Ikasleen Guraso Elkarteak txokolatada bat antolatuko du.

Alkateak eskerrak eman dizkie “programa zabal eta anitz hau posible egin duten guztiei”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.