[dotb.eus] Garaiko Landareen Azoka aurten ere ez da ospatuko

“Egoerak, ordea, tentuz eta zuhurtziaz jokatzera behartzen gaitu”, azaldu dute antolatzaileek
Bigarren urtez bertan behera geldituko da azoka

GARAI.- Garaiko Landareen Azoka 2021eko apirilaren 18an egitekoa zen, San Migel elizaren eremuan. Jakina denez, udaberriaren hasieran antolatu ohi du Garaiko Udalak landareen azoka, Urkiola Landa Garapenerako Alkartearekin batera, eta toki berezi batean egiten da, hara heltzeko hainbat irispide dituen San Migel elizaren berdegunean, hain zuzen. Nolanahi ere, iaztik pairatzen ari garen izurriteak eragindako kutsatzeen bilakaera ezkorra, landareen azoka egin ohi den eremuan suerta daitekeen herritar eta bisitarien pilaketa, distantzia fisikoa zaintzeko ezintasuna eta bestelako inguruabarrak kontuan hartuta, aurten ere ez dago baldintzarik Garaiko Landareen Azoka egiteko. Ondorioz, ez egitea erabaki da.

Udalak itxaropena zeukan iaz konfinamenduagatik bertan behera laga zen ekitaldia aurten egingo zela eta halaxe jaso zuen 2021eko udal aurrekontuetan. Egoerak, ordea, tentuz eta zuhurtziaz jokatzera behartzen gaitu, kutsatzeen kopurua izugarri hazi delako eta txertatze-kanpaina uste baino motelago doalako, txertoak uste eta nahi baino beranduago iristearen ondorioz. Orain, lehentasuna izurriteari aurre egitea da, osasun-agintariek emandako jarraibideei jaramon eginez, erantzukizunez eta arduraz jokatuz. Zinez espero dugu, 2022an, Garaiko Landareen Azoka egin ahal izatea, izurritearen aurreko urteetan egin bezala, herritarren eta bisitarien partaidetza handiarekin eta giro ezin hobearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.