[dotb.eus] Gaur ospatuko da ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenaren jendeaurreko irakurraldia

Gaur 17.00etatik 24.00etara Durangoko Plateruena antzokian izango da
Plateruenean izango da irakurraldia

DURANGO.- Aurten Hitzez eta Ahotsez ekimenaren IV. edizioa ospatuko da, Askatasuna gai nagusia izango delarik. Nahiz eta lehen edizioko eskema ez aldatu, ekimena hazten joan da. Partaidetza gorantz doa, hasierako ordu kopurua gehitu egin dute eta azpimarragarriena sortzaile berriak dira “sortzaile berriak bultzatzeko erronka jarri genuenetik pozgarria da ikustea zenbat lagun animatzen diren euren sorkuntza plazaratzen” adierazi dute antolatzaileek..

Urtarrilean Uxue Alberdiren hitzaldiaz hasi, solasaldi dialogikoekin jarraitu, Dorleta Kortazar kontu kontalariaren ipuin ederrak entzun eta maiatzean jendaurreko irakurraldi girotuaz amaitzen den literatura maratoia.

Aurreko urteetan lez, aurten ere hainbat lagunek irakurriko dituzte eurek sortutako testuak. Eskualdeko idazle ezagunak ere bertan izango dira: Lourdes Unzueta, Mila Salterain, Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena edo Rafa Ugalde euren sorkuntzekin. Gainonerakoek ondorengo idazleen testuak irakurriko dituzte; Joseba Sarrionandia, Ekhine Eizagirre, Gotzon Barandiaran, Elixabete Garmendia, Lauaxeta, Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Angela Davis, Mari Luz Esteban, Karmele Jaioa, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Itxaro Borda…

Horrez gain, sorkuntza arloan dantzak ere tartea izango du. Dantza koreografia bi sortu dituzte askatasuna gaitzat hartuz. Antzerkiak ere izango du lekua, 10 bat gazte ari dira entsaiatzen. Audiobisual bat ere bidean da. Guztiak, hori bai, formato txikian. Musikariak, abeslariak eta bertsolariak ere hurbilduko dira urteroko hitzordura.

Helburu nagusia irakurleak Euskal Literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea “zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea. Euskal Literaturen inguruan disziplina ezberdinetako eragilak biltzea izan daiteke bigarren helburuetariko bat. Beti ere modu apal batean. Gure txikitasunetik aletxoa jartzea. Aukera ematea” azpimarratu dute.

‘Hitzez eta ahotsez’ antolatzaileentzat parte hartze aktiboa oso garrantzitsua da “gaur egun kontsumo gizarte honek kultura arloan ere kontsumora bultzatzen gaitu. Kultura era pasiboan kontsumitzera. Guk beste bide jorratu nahi dugu. Aktibatzearen aldeko apostua egin nahi dugu. Mikroaren aurrean lehen aldiz jartzea gogorra da zenbaitentzat baina ahalduntze modu bat ere bada gure ustez. Bestalde, konturatu gara, jendaurrean testua irakurtzen duten askok “euskalduntasun titulua” lortzen dutela herritarren aurrean, batez ere euskara ikasten ari direnen kasuan”.

Jendeaurreko Irakurraldian parte hartzeko, ez da zirri askorik egin behar izaten. Erraz animatzen da jendea. Aurreko edizioan 271 partaide bildu ziren (101 gizon eta 170 emakume). Aurten 280 bat izango dira, emakume kopurua gizonena baino altuago izango da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.